Behar bereziak dituzten ikasleek herrietan ikasi ahal izatea eskatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 12a

Mendialdea ikastetxe publikoa, Kanpezun. Argazkia: MENDIALDEA IPI

Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen egoera azaltzeko agerraldia egingo du ostegun honetan, Arabako Batzar Nagusietan, Mendialdea IPI Kanpezuko guraso elkarteak.

Mendialdea IPI Kanpezuko guraso elkarteak Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egingo du ostegun honetan, DBH3tik aurrera behar bereziak dituzten ikasleei ematen zaizkien laguntzak mantentzea eskatzeko. Gaur egun, Arabako landa eremuan hezkuntza premia bereziak dituzten DBH3ko 14 urteko ikasleak Gasteizen dagoen hezkuntza dibertsifikatzeko zentro batera joan behar dira.

Elkarteak adierazi duenez, gaur ikasleek jasotzen dituzten laguntzak kentzeak ekarriko du haur horiek beren ingurutik kanpo ikastera behartzea, egunero 80 kilometroko bidaia egitera "eta etxetik kanpo bidaian bi ordu gehiago emango dutela".

Guraso elkartetik uste dute egoera horrek aukera berdintasunaren printzipioa urratzen duela, "eskubidea arriskuan jartzen duela, bereziki landa eremuan, non distantziak eta garraio publikoaren gabeziak zailtasun handiagoak sortzen dituzten". Horregatik osteguneko agerraldian laguntzak mantentzea eskatuko dute, eta modu horretan umeak herriko eskolan ikasten jarraitzea ziurtatzea. "Landa eskolak inklusiboak eta guztiontzako izan behar dira" adierazi dute.

Gainera, familiek  gogorazi dute laguntza horiek mantentzeak ez diela mesede egiten soilik hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei, baizik eta Arabako herrietako sare sozial eta bizitza eta hezkuntza kalitatea mantentzen laguntzen dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago