Bernedoko udalekua kudeatzen duen Sarrea Euskal Udalekua elkartearen kontrako zigor espedientea ireki du Arabako Foru Aldundiak. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eman du horren berri gaur goizean batzar nagusietan PPren eskariz egin duen agerraldian.
Gonzalezek zehaztu duenez, gazte eta haurrentzako jardueren arloan indarrean dagoen araudi sektorialaren betebeharra larriki ez betetzeagatik ireki da espedientea. Batetik, "jardueraren aldez aurreko jakinarazpena egiteko betebeharra ez betetzeagatik", eta bigarrenik, administrazioaren ikuskapen funtzioak "errazteko betebeharra ez betetzeagatik", hau da, eskatu zitzaion dokumentazioa emateari uko egiteagatik.
Joan den asteko ostiralean ireki zion Arabako Foru Aldundiak zehapen espedientea Sarrea Euskal Udalekua elkarteari. Ahaldun nagusiak argitu duenez aldundiak ezin du espedienterik ireki epaitegietan ikertzen ari den kausa berberengatik, "zigor arloko prozesua amaitzen ez den bitartean ustezko delituak direlako", baina bai ikerketa horren xede ez diren eta arau hauste administratiboa izan daitezkeen beste delitu batzuengatik. "Eta horixe da, hain zuzen ere, sailak egin duena, ahalik eta azkarren eta arretarik handienarekin jardunez", esan du Gonzalezek.
Koordinazioa eta kontrola
Halaber, Bernedoko udalekuan bizi izandako egoera dela eta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak, Eudel eta Eusko Jaurlaritza lanean hasi dira aisialdiko jarduera pribatuen esparruan erakundeen arteko "koordinazioa eta kontrol mekanismoak hobetzeko". Ahaldun nagusiak azaldu duenez, erakundeen arteko mahai tekniko bat sortu da, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren gidaritzapean, eta lehen bileran irizpideak eta erritmoak bateratzeko neurriak hartu dira, aisia hezitzaileak eta gazteen boluntariotzak EAE osoan "esparru argia, homogeneoa eta aplikagarria izan dezaten".
Kultura eta Kiroletako diputatu Ana del Valek urrian batzar nagusietan egin zuen auziaren kronologia berretsi du halaber diputatu nagusiak, eta azpimarratu du "hasiera-hasieratik, departamentuaren lehentasuna familiei arreta ematea" izan zela, udalekuan sortutako egoera bertatik bertara ezagutzea eta erakundeen erantzukizunez erantzutea. "Kezka, inplikazioa eta jarduna egon dira, eta ahalik eta azkarren eta, betiere, adingabeen interes gorena kontuan hartuta".
Ikertzeko beharra
EAJko zein PSE-EEko batzarkideek Gonzalezen azalpenak ontzat eman dituzte, eta azpimarratu dute Kultura Sailak zein Arabako Foru Aldundiak salaketaren berri izan duten unetik martxan jarri dituztela erakundeen administrazio baliabide guztiak, berriro gerta ez dadin, eta auzia salatu duten familiekin hartu-emanetan egon direla.
Xabi Valdor EH Bilduko batzarkideak, berriz, gertakariak ahalik eta "sentsibilitate eta zorroztasun handienarekin" ikertu eta argitu behar direla azpimarratu du, eta ahaldun nagusiari eskertu dio "morbotik eta amarillismotik" aldentzen saiatzea. "Hemen ikusten dugu nola saiatzen ari den agenda ideologiko bati, agenda erreakzionario bati gailentzen eta totum revolutum bat egiten etekin politiko bat izateko. Eta hori gertatzen ari da Europa mailan, mundu mailan, ofentsiba erreakzionario gisa ikusten ari garen testuinguru batean, eta uste dugu oso garrantzitsua dela gauzak ondo egitea populismo horri hegoak ematea saihesteko".
Ildo beretik, David Rodriguez, Elkarrekin-Podemos taldeko eledunak esan du "adingabeen gaia eta adingabeen abusua politikoki erabiltzea erabat higuingarria" iruditzen zaiola. "Uste dut hemen guztiok elkartu behar dugula; izan ere, adingabeen zaintzaren gaia eta edozein eremutan, aisialdian, hezkuntza eremuan eta familien eremuan gehiegikeriarik ez gertatzea guztion zeregina da, eta gehiago elkartu behar dugu hori gerta ez dadin".
PPko Ana Salazarrek egindako "akatsak" ez onartzea leporatu dio ahaldun nagusiari. "Ikusten dut ez dutela ezer egingo, dena estaliko dutela. Ez da erantzukizunik egongo. Ondo egin dutela sinetsiko dute, gertatu ohi den bezala", esan du.