Bernedoko udalekuaren aurkako akusazioak ezagutu zirenetik, sare sozialetan eta hedabideetan "gorroto diskurtsoen kanpaina bat" antzeman du Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak. Gasteizko erakundeak egindako azterlanaren arabera, "diskurtso transfobiko eta LGTBI+fobiko kanpaina egituratua, iraunkorra eta kanal anitzekoa" egon da.
X sare sozialeko 200 argitalpen baino gehiago aztertu eta TikTok eta Instagram bezalako beste plataformetako elkarrizketak monitorizatu ondoren jaso ditu datuok Ikusgunek. Adierazi du eduki "transfoboak" ugari direla, "ultraeskuinaren ohiko argudioak" erabiliz. Azterlanaren arabera, kanpaina honetan "ultraeskuinarekin lotutako eragileak, gorrotoa sustatzen duten mugimenduak eta zenbait hedabide" elkartu dira.
Kanpainak "beldurrean eta desinformazioan" oinarritutako kontakizun bat eraiki nahi duela ohartarazi du, mezu errepikakorrak eta "inpaktu emozional handiko" irudi manipulatuak erabiliz. Salatu duten gako nagusietako bat LGTBIQ+ identitateak "pedofiliarekin lotzea" izan da, baztertzaileak diren baloreak berriro ezartzeko defentsa moralaren edo haurren babesaren aitzakiapean. Gainera, erakundeak "jazarpen pertsonalizatuaren patroia" eta "talde jazarpena" antzeman ditu udaleku horiek antolatzen dituzten lagunen aurka, "irainak eta pederastia akusazioak erabiliz".
Ikusgunek azpimarratu du praktika horiek "diskriminazioa eta indarkeria sustatzeagatik delitu penalak" izan daitezkeela. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du eraso horien aitorpena, salaketa eta jarraipen instituzionala. Erakundeak "indarkeriaren aurkako legezko tresnak modu eraginkorrean aplikatzeko" deia egiten du.