Diego Urreta gipuzkoarrak seigarren aldiz irabazi du Maeztuko Klasikoen Trialaren 16. edizioa, iaz eskuratu zuen garaipen absolutua berretsiz. Pre-80 kategorian, bi egunetan puntuazio onena lortu du donostiarrak, 1976ko Montesa Cota motoarekin. Bere jardunean hamabost penalizazio puntu baino ez ditu jaso.
Roberto Menbibil bizkaitarrak bigarren postua irabazi du, 1978ko Bultaco Sherpa baten gainean. Asier Zurbano arabarra, berriz, hirugarren sailkatu da, eta, horrez gain, aipamen berezia eskuratu du moto zaharrena gidatzeagatik: 1956ko Triumph lau denborakoa.
Urretak proba "gogorra" izan zela adierazi dio Mendialdea Pressi, lurraren idortasunagatik eta zenbait zonaldetan zailtasun gehigarriak aurkitu dituelako. Gauzak hala izanik ere, donostiarrak nabarmendu nahi izan du "proba ederra" dela, eta klasikoen zaleentzat "gomendagarritzat" jo du. Andres anaiari eskaini dio garaipena, "egoera zail" bat bizitzen ari baita.
Arabarren artean, Fernando Etxazarra kanpezuarra bigarren sailkatu da Trialeros kategorian, Harrisen atzetik, Merlin moto batekin. Aiala klubeko Aitor Martinezek, berriz, laugarren postua eskuratu du Post-Clásicas Verdes kategorian.
Antolatzaileek nabarmendu dute Trialeros kategorian, Mark Harris eskoziarrak sorpresa eman duela, onenen aurreikuspenetan ez zegoelako. Faboritoa izan arren, Mike Grant ingelesak, berriz, bosgarren postua baino ez du lortu.
Orotara, 105 pilotuk parte hartu dute, zazpi autonomia erkidegotatik. Horrez gain, Erresuma Batuko eta Frantziako parte hartzaileak izan dira. Mendialdeko proban aritu diren pilotu gehienek duten hurrengo hitzordua urriaren 4koa izango da, Robregordon (Madril), Espainiako Koparen barruan jokatuko den hurrengo proba batean.
Arabako Mendialdeko Más Gas motoziklismo kirol elkarteak nabarmendu nahi izan du parte hartzaileek probaren inguruan duten iritzi positiboa, eta gogora ekarri du, probaz beraz gain, kontzertuak, pilota eta gastrotrial-a dituztelako. Hurrengo edizioa 2026ko irailean egingo dute.