Mendialdeko Kuadrillak edukiontziak biltzeko sistema berria ezarriko du

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 30a

Zabortegiaren kanonarekin desadostasunak ditu Kuadrillak. Argazkia: J.G/ALEA

2010eko ordenantza ordeztuko duen hiri hondakinen inguruko araudi berria onartu du kuadrillako batzar orokorrak.

Arabako Mendialdeko Kuadrillak hondakinak biltzeko ordenantza berria onartu du. Modu horretan, 2010eko ordenantza zaharra eguneratu egin dute eta legean ezarritako helburuekin bat datorren araudi berria ezarri. Hondakinen sorrera %13 murriztea espero dute aurten, eta  %15 hemendik bost urtera.

Gainera, udalerrien hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko nahitaezko helburuak ezarri dira: gutxienez %60 2030ean eta % 65 2035ean. Era berean, legeak dion bezala, udal hondakinen %10 gehienez zabortegira bideratu ahal izango da 2035ean.

Kuadrillatik azaldu dutenez, araudi berria partaidetza prozesu baten emaitza da, eta, bertan, udal eskumeneko hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua arautzen duen etorkizuneko sistemaren nondik norakoak jasota daude. Helburu nagusia zerbitzua arautzea eta erabiltzaileen betebeharrak eta eskubideak ezartzea da, bai eta balizko arau hausteen aurrean zehapen araubide bat ezartzea ere.

Edukiontziak, uharteetan

Halaber, Arabako Mendialdeko Kuadrillak edukiontziak biltzeko sistema berria garatuko du, bilketa guneen inbentarioa eginen dute lehenik eta behin, eta herriz herri edukiontziak kokatzeko proposamena ondoren. Izan ere, legeak frakzio guztiak dituzten edukiontzien uharteak izatera behartzen ditu udalerriak, eta horiek hondakinak sortzen diren tokitik 250 metrora egotea aholkatzen du.

Urtzi Gaintzarain kuadrillako hondakinen arduradunak azaldu duenez, uharteen proposamena maiatzaren hasieran partekatu zen udalekin eta administrazio batzarrekin, eta edukiontziak modu horretan antolatuz bilketa %80ra iristea nahi dute. "Nahi ez diren isurketak sortzen dituzten frakzio bakarreko puntu isolatuak kenduko dira, eta uharte osoak sortuko dira", argitu du.

Zabortegiaren kanona itzultzeko

Bestalde, Arabako Mendialdeko Kuadrillak mozio bat onartu du ostegun honetan, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko "toki erakundeen interesak defenda ditzala", eta hondakinak zabortegira eramateagatik kobratzen den kanonaren dirua hondakinak kudeatzen dituzten administrazioei itzultzeko. Arabako Mendialdeko Kuadrillak zerga bilketa egiteko eredua berrikusteko eskatu du, eta amaitzen ari den inbertsio planaren edukia partekatzeko.

Kuadrillatik azaldu dutenez, zabor tasa hori ingurumen funts batera bideratu nahi da, inbertsio plan batekin lotuta. Horren kostua kuadrillek eta udalek ordainduko dute, "eta zuzenean eragingo die herritarrei", esan dute. Kuadrillaren esanetan, hala egingo balitz, "tokiko erakundeek aukera bat galduko dute alternatibak bilatzeko eta proiektu propioak bultzatu eta ekonomia zirkularrean aurrera egiteko aukera emango dieten beharrezko inbertsioak egiteko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago