Urizaharreko alkate Juanjo Betolaza zendu da

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 26a

Inma Basterra Batzar Nagusietako presidentearekin egon da duela gutxi Betolaza, Lur Jareetako osoko bilkura prestatzeko. Argazkia: BATZAR NAGUSIAK

Igandean herrian ospatzekoa zen Lur Jareetako osoko bilkura bertan behera utzi dute, dolua adierazteko.

Juan Jose Betolaza Urizaharreko alkatea ostiral honetan zendu da, 52 urte zituela, gaixotasun luze baten ondoren. 

Atzodanik eta bihar arte, udalak dolu ofiziala deitu du, eta, banderak haga erdian jarriko dituzte herrian. 

Bestetik, atzo Urizaharrean ospatzekoa zen Lur Jareetako osoko bilkura bertan behera utzi behar izan dute Batzar Nagusiek. Ohar batean, foru ganberak "tristura eta doluminak" adierazi dituzte Betolazaren heriotza dela eta, eta "maitasuna" helarazi diete alkatearen familiari, lagunei, hurbileko pertsonei eta Urizaharreko Udalbatzari. Modu berean, batzarrek aurreratu dute hurrengo osoko bilkuran minutu bateko isilunea egingo dutela, alkatearen omenez.

AMI hautagaitzaren bitartez hiru legegintzaldi bete ditu Betolazak. Heriotzaren ostean, momentuz Silva Quintas Barron alkateordeak hartuko du aginte makila, eta hark sinatu du dolu ofiziala adierazteko bandoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago