Mendialdeko kuadrillako gazteek larunbatean ospatuko dute Mendialdeko I. Gazte Eguna Maeztun. Mahaingurua, kalejira, olinpiadak... egun osoko egitaraua antolatu dute, gaueko kontzertuekin amaituko dena.
Antolatzaileek azpimarratu dute gazteek behar handia dutela beren aisialdia eta denbora librea beraiek antolatzeko, "lehen lerroan" egoteko, eta ez duela beste inork haiengatik egin behar. Ideia horri helduta ekin diote Gazte Eguna antolatzeari, esanez bereziki garrantzitsua dela antolakuntza hori sustatzea landa eremuko gazteen artean. Aurreko hilabeteetan beroketa ariketa batzuk egin dituzte larunbateko jaialdira begira, mendi martxa edo frontenis txapelketa, esaterako, eta bihar izango da egun handia.
Goizetik gauera
Mahainguru batekin hasiko dute Gazte Eguna, Mendialdeko eta inguruko kultura arloko eragile batzuekin. UOFF, MMF, Lizarraldeko Gazte Egunaren antolatzaileak eta Arraia-Maeztuko Gazte Egunaren antolatzaileak izango dira bertan, eskualdeko kultura eskaintza alternatiboaren beharraz eta gazteen paperaz hausnartzeko, 11:30ean.
Ondoren kalejira egingo dute herriko tabernetan zehar, ez dadin dena herriko plazan geratu, eta herri bazkaria izango dute ondoren. Arratsalderako herri arteko olinpiadak egingo dituzte, herri bakoitzetik talde misto bat ateratzea bilatu dute, eta olinpiadetan ikusiko dute zeinek irabazten duen.
Kontsumotik eta festa eredu tradizionaletik aldentzen den jaialdia egin nahi izan dute egitarau honekin, baina kontzertuak eta gaueko jai giroa ere eskainiko dituzte larunbatean. Stilt, Las MoSKAs Retrompeteras, So(r)cerdotas eta G-Muz arituko dira oholtza gainean, Mendialdeko lehen Gazte Egunari amaiera emateko. Antolatzaileen esanetan, ez da azkena izango.