Nafarroako Marañón, Cabredo eta Genevilla herriak Kanpezurekin lotuko ditu garraio publikoak

Erredakzioa 2025ko ots. 13a, 13:46

Egunean hirutan Nafarroatik igaroko da Mendialdeko Eskualdeko Garraioa. Argazkia: Wikipedia maps

Akordioa lortu dute Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, eskualdeko garraio zerbitzua bermatzeko. Martxoaren 1etik aurrera hasiko da, 19B Kanpezu-Bernedo linearen bidez.

Martxoan hasita, Eskualdeko Garraioak zerbitzuko Kanpezu-Bernedo 19B lineak geldialdiak egingo ditu Marañón, Cabredo eta Genevilla herrietan. Nafarroako herriak izan arren, Santikurutze Kanpezu dute bizilagunek erreferentziazko herri gisa, oinarrizko zerbitzuak jasotzeko, eta mugikortasuna errazteko asmoz hartu dute neurria.

Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak adostu dute aldaketa. 2021ean sinatu zuten garraio publikoaren eraginkortasunari buruzko hitzarmena, eta bide horretan egindako beste pauso bat izan dela nabarmendu dute erakundeek.

19B linearen maiztasuna hobetzea ere jaso dute akordioan. Arratsaldez bidaia bat gehiago egongo da norabide bakoitzeko. Beraz, martxoaren 1etik aurrera hiru bidai egingo ditu garraio publikoak norabide bakoitzean.

Arabatik oso hurbil daudenez, Santikurutze Kanpezu daukate erreferntziazko herri medikua, administrazio kudeaketak eta bestelakoak eskuratzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du Eskualdeko Garraioan hiru geltoki berri hauek jartzearen kostua, eta Foru Aldundiari ordainduko dio. Aurreikusi dute herri hauetako 300 pertsonak erabiliko dutela urtero zerbitzua, eta "pixkanaka 400era" igo daitekeela adiearzi dute.

Erreferentziazko herriak

Landagune txikietako bizilagunek urrun izaten dituzte hainbat oinarrizko zerbitzu, eta herritarrak beren erreferentziazko herriguneekin lotzeko asmoz ezarri zen Eskualdeko Garraio zerbitzua.

Erreferentziazko herritik hartu ditzakete ondoren Alavabuseko zerbitzuak beste leku batzuetara, edo bertako instalazioak erabili, izan ikastetxeak, osasun zentroak edo kiroldegiak. 95.000 pertsonak erabili zituzten Eskualde Garraioko lineak 2024an, eta ohikoagoa bilakatzen ari da urterik urte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago