Arabako Mendiak Aske elkarteak hala eskatuta, Elkarrekin taldeak Laminoria eta Azazeta parke eolikoak gelditzeko mozioa aurkeztu du, asteazken honetan, Arabako Batzar Nagusietan. Mozioan jasotzen da, batetik, batzar nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatzea Laminoriako proiektu eolikoaren ingurumen inpaktuaren adierazpenari buruzko balorazio negatiboa egin zezala. Bestetik, Azazeta zentral eolikoaren proiektu mugakidea izapidetzean, prozesu hori geldiarazteko eskatzea jasotzen du testuak. Azkenean, mozioak ez du aurrera egin, gainerako talde politikoek, argudio desberdinekin, proposamena baztertu dutelako.
EAJko bozeramaileak defendatu duenez, "tramitazioak prozesu zorrotza jarraitzen du, inplikatutako alde guztiei gardentasuna eta konfiantza emango diena", eta horren zain egon behar da. PSEko batzarkideak bestalde, "legeek ezartzen dituzten prozedurak eta mekanismoak errespetatzearen" alde egin du, "abian jarri diren proiektu guztiei erantzuten dietelako". EH Bilduk ere ez ditu onartu Arabako Mendiak Aske taldeak aurkeztutako mozioaren edukiak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "proiektua birplanteatzeko", soilik degradatutako eremuetan zentratuz.
Mozioa eztabaidatu duten bitartean, Arabako Mendiak Askek kontzentrazioa egin du, aldundiaren aurrean. Taldeak azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak Arabako mendialdean energia biltzeko zentralak jartzeko erabakia hartu du, Aixeindar enpresaren bidez"; eta are gehiago, uste dute energia azpiegitura horiek ingurumen eremu zaurgarrietan jartzeak arlo horretan dagoen adostasuna "dinamitatzen" duela. "Berezko suntsipenaren kontura etekin partikularrik handiena ateratzeko interesa duten enpresen botere irrikak asetzea herriaren erabakien eta interesen aurkakoa da. Proiektu horiek eta gure lurraldean sartzen ari diren guztiak geldiarazteko borrokan jarraituko dugu", azpimarratu dute.