Familia ugariek hobariak izango dituzte lehenbizikoz Lagranen

Erredakzioa 2024ko urr. 18a, 10:47

Lagrango Udalak 2025eko ordenantza fiskalak onartu ditu. Argazkia: EHB

Ordenantza fiskalak eguneratzeko urratsa egin du Lagrango Udalak.

Lagrango Udalak 2025erako ordenantza fiskalak onartu ditu. Berritasunen artean, lehen aldiz hobariak sartu dituzte familia ugarientzat Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ) eta Ibilgailuen gaineko Zergan, %45 eta %95 artekoak, errentaren arabera. Gainera, Lanbideen arteko Gutxieneko Soldata berrira eguneratu dira zergetako hobarien ohiko taulak, %95era iristen direnak errenta txikienetan, bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren arabera.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga 0.01 hazi da, eta 0.36tik 0.37ra igaro da hiri izaerako ondasunen kasuan, eta 0.32tik 0.33ra landa izaerako ondasunen kasuan. Kasu honetan, zerga %2,4 eguneratzea da. Ibilgailuen gaineko Zergaren kasuan, igoera % 9 ingurukoa da, foru-arauak jasotzen duen gutxiena baitzen.

Horrela, urtetan aldaketarik egon gabe zituen ordenantza fiskalak eguneratzeko bidean beste urrats bat egin du Lagrango Udalak. Izan ere, aurten lehen aldiz, Lagranek Gainbalioen Zerga kobratu du. Eta lehen aldiz deskontuak ere izan ditu, bai OHZn zein Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ). OHZren kasuan, babes ofizialeko etxebizitzek eta etxebizitza sozialek %30eko beherapena izan dute lehen hiru urteetan, Bizigune Eusko Jaurlaritzaren alokairu sozialeko programan sartutako etxebizitzek %20ko deskontua izan dute, eta etiketa energetikoa duten higiezinek % 20-30eko hobaria izan dute.

Urtzi Gaintzarain Lagrango alkateak Udal Gobernua araudi osoa eguneratzeko eta berritzeko egiten ari den ahalegina azpimarratu du. "Horrek guztiak helburu hirukoitza ditu: errenta baxuenak arintzea, udalari baliabideak bermatzea kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko eta udalerriko jarduera errazteko", esan du.

Ildo beretik, Lagranek argi berdea eman dio diru laguntzen lehen ordenantzari. Araudi horrek bere gain hartuko ditu kirol eta kultura jarduerak, berdintasuna eta esku hartze soziala sustatzeko jarduerak, ingurumeneko programak eta programa soziokulturalak. Atal honetan sartzen dira, halaber, pertsona edo erakundeentzako banakako laguntzak, gizarte-bazterkeriaren ondorioak murrizteko edo euskara ikasi eta normalizatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago