Lagrango Udalak Arabako Mendialdean egiten den lehen ekitaldia egingo du altxamendu frankistaren jazarpena, errepresioa eta heriotza jasan zuten herriko bizilagunak aitortzeko. Ekitaldia azaroaren 16an izango da, 12:00etan; biktimen senideek hartuko dute parte, eta pertsona horien guztien omenezko monolito bat inauguratuko da.
"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"
Bertako bizilaguna zen Felix Ozaeta Fernandezen exekuzio estrajudizialaren 88. urteurrenean egingo dute omenaldia. Izan ere, 36ko altxamendu militarraren eta ondorengo diktaduraren ondorioz, zazpi errepresaliatu dokumentatu ditu udalak. Felix Ozaetaren anaia, Rufo Ozaeta Fernandez eta Vicente Romero Lacuesta herritik erbesteratu zituzten hainbat hilabetez espetxean egon ondoren. Halaber, Lagraneko beste bi seme, Dionisio Ozaeta Saenz de Urturi eta Nazario Rodriguez Saenz de Urturi, Bizkaiko frontean hil ziren. Cayetano Perez Perezek, berriz, armadatik ihes egin zuen Gipuzkoa batailoian sartzeko. Atxilotu, epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Geroago, 30 urteko espetxe zigorra eta bost mila pezetako isuna ezarri zioten. Jesus Lopez de Lacallek eta Gerardo Romero Perezek isunak ordaindu behar izan zituzten aurrekari ezkertiarrak zituztelako, arrazoi politikoengatik.
Urriaren 16ean egindako ohiko osoko bilkuran udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu zuen, errepresio frankista jasan zuten pertsona guztiak aitortzeko. "Gure ustez, 88 urteko isiltasuna nahikoa da, eta gure herritarrek behingoz merezi dute aitortza ekitaldi bat", jasotzen du testuak. Gaineratu dutenez, "estatu kolpean, gerran edo diktaduran, berdintasun, ekitate, askatasun eta justizia sozialaren balioak defendatzeagatik, kalte fisiko, moral edo psikologikoa eta oinarrizko eskubideen galera jasan zuten pertsona guztiak, aitortu eta omendu nahi dira".
Bestalde, Lagrango Udalak konpromisoa hartu du bere memoria babesteko beharrezkoak diren ekimen guztiak garatzeko. "Biktima horiei guztiei egiarekin, justiziarekin eta erreparazioarekin dugun konpromisoa erakutsi nahi diegu, horrek bakarrik ahalbidetuko baitu berriro ez errepikatzea. Ildo horretan, Lagrango Udalak babestu egingo du hutsunearen ezagutzan, zigorgabetasun frankistaren aurkako borrokan eta biktima guztien erreparazioan aurrera egitea ahalbidetzen duen edozein ekimen ", dio onartutako testuak.