Lagrango Udalak hobekuntzak eskatu ditu Gasteizekin lotzen duen autobus linean

Erredakzioa 2024ko ira. 19a, 11:20

Mugikortasuna landa eremuko beharretara egokitzea proposatu du Lagrango Udalak. Argazkia: ALEA

Udalerria Gasteizekin lotzen duen 7. linearen ibilbide erregularreko ibilbidean Pipaon ere sartzea nahi du udalak.

Lagrango Udalak hainbat alegazio aurkeztu dizkio Arabako Lurralde Historikoko Mugikortasun Iraunkorraren II. Planari. "Proposamen horien helburua da garraio publikoaren ekitatea eta irisgarritasuna hobetzea, mugikortasun eraginkor eta iraunkorragoa bultzatuz, eta garraio publikoaren zerbitzu indartuz", azaldu dute.

Lagrango Udalak 7. linearen (Gasteiz/Lagran) zerbitzua berrikusteko proposatu du, gaur egun udako asteburuetan bertan behera geratzen baita. Mugikortasun sailera bidalitako proposamenen artean, asteburuetan zerbitzua mantentzea proposatu du udalak, eta asteko lanegunetan egunean lau bidai ezartzea; halaber, urte osoan zehar, asteburuetan eta jaiegunetan, gutxienez hiru bidaia eskaintzea planteatu du.

Herriko bizilagunentzako zerbitzua hobetzeari dagokionez, udalaren beste proposamen nagusietako bat da Pipaon 7. linearen ibilbide erregularreko ibilbidean sartzea, eta geralekuan markesina bat jartzea, erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.

Malgutasuna taxian

Bestalde, eskaripeko taxi zerbitzua malgutzea ere eskatu dute. Udalak azaldu bezala, gaur egun "zerbitzua egunean aurrez eskatu behar baita, eta horrek zailtasunak sortzen ditu, batez ere adinekoentzat. Udalak taxi zerbitzuaren erreserba-denbora laburtzea proposatzen du, herritarrek zerbitzu arinagoa eta malguagoa izan dezaten, landa eremuko biztanleen beharretara egokituz".

Lagran udalerrian bizi diren pertsonek ere zailtasunak ei dituzte beste herri batzuetan kokatutako funtsezko zerbitzuak lortzeko, hala nola Oionen dagoen Lanbideko Enplegu Bulegoa edo Guardian dagoen Ertzaintzaren komisaldegia. "Zuzeneko ibilbiderik ez dagoenez, biztanleek ibilbide luzeak egin behar dituzte, eta horrek hitzorduen kudeaketa oztopatzen du". Hori dela eta, udalak ibilbide horiek betetzeko eskaripeko taxi zerbitzua zabaltzea proposatu du, zerbitzu horietarako sarbidea erraztuz, Gasteiztik igaro beharrik gabe, udalerri mugakideetara iritsi ahal izateko.

Lagrango Udaletik Urtzi Gaintzarain alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Mugikortasun Iraunkorraren II. Planak landa eremuen berezitasunak kontuan hartzea. "Aurkeztutako proposamen horiek tokiko mugikortasuna hobetzeaz gain, balizko erabiltzaileen artean garraio publikoaren erabilera sustatuko lukete, turistak eta langileak barne, ibilgailu pribatuaren erabilera murrizten lagunduz eta udalerriko biztanleentzat mugikortasun bidezkoagoa bermatuz", nabarmendu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago