Sorgin ehiza eta euskararen arteko lotura aztergai Arabako Mendialdean

Erredakzioa 2024ko ira. 19a, 10:47

Pierre de Lancreren sorgin ehizari buruzko irudia. Argazkia: Commons

'Sorginkeriaz mintzo' jardunaldiak antolatu dituzte Korresen iraileko azken asteotan. Sorginkeria eta euskarari buruzko hitzaldia izango da bihar, irailak 20. Sorgin ehiza azalduko dute, gizarte kontrolerako tresna gisa.

Datorren urtean 500 urte beteko dira Nafarroan sorginkeriaren aurkako lehen prozesu orokorra antolatu zenetik, Nafar Erresuma konkistatu eta gutxira. Efemeride horren aitzakian, Sorginkeriaz mintzo jardunaldia antolatu dute Korresen. Sorginaren pertsonaia errepresiorako eta gizarte kontrolerako nola erabili zen aztertuko dute bertan, eta nola erabili zuten "beren probetxurako garaiko elite politiko eta erlijiosoek".

Joan den astean hasita, irailaren 28ra arte ikusgai egongo den erakusketa antolatu dute, 1525 sorgin ehiza Nafarroan izenekoa. Korreseko Parketxean egin daiteke bisita, ohiko ordutegian. Bestalde, erakusketa bisita gidatuarekin ezagutzeko aukera ere eskaini dute, irailaren 27an. 18:00etan euskaraz egingo dute ibilbidea, eta 18:30ean gazteleraz. Ez dago aurrez izena eman beharrik.

Euskara eta sorginkeria

Antolatzaileek nabarmendu dute sorginkeriaren aurkako prozesuak informazio baliotsua ematen duela garai hartako hizkuntza eta gizartearen errealitateari buruz. Arabako Mendialdean ere izan zuen eragina erdigunea Nafarroan izan zuen sorgin ehiza aro honek eta, antolatzaileen esanetan, "ez zen kasualitatea izan" landa eremuko biztanleak izatea ehizaren jomuga, usadiozko sinesmenei eta antolakuntza moduei eusten zietenak, hain zuzen. Errepresioa jasan zuten gehienak euskaldunak izan ziren, eta neurri handi batean emakumezkoak.

Kike Fernandez de Pinedok sorginkeria eta euskararen arteko harremana izango du hizpide, Arabako Mendialdeari begira. Izan ere, hitzaldia emango du bihar, irailak 20, 17:30etan, Korreseko kulturgune berrian, parketxe alboan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago