Mendi kiroletan eta kanpoko jardueretan interesa duten Maeztuko lagunek mendi klub berri bat izango dute. Isaac Puente Mendi Kluba igande honetan, irailaren 1ean, aurkeztuko dute zenbait mendizalek ofizialki, 1936ko egun berean Puente Gasteizko kartzelatik atera zela gogora ekartzeko.
9:00etan irteera bat egingo dute Arburu mendian, eta eguerdian ekitaldi nagusia ospatuko dute Maeztuko udaletxe zaharraren aurrean. Bertan mendi klubaren aurkezpen ofiziala egingo dute, eta Isaac Puente bizi izan zen eta lan egin zuen etxean jarri duten plaka desestaliko dute bilobek eta birbilobek. Ondoren, ohorezko aurresku bat eta hamaiketako bat eskainiko dute bertaratutako guztientzako.
Kluba mendi irteerak eta lasterketak, eskalada, neguko kirolak, BTT irteerak eta bestelako jarduerak egiteko eta "bizilagunen grinari erantzuteko" sortu dela adierazi dute. "Isaac Puenteren izena aukeratu dugu Maeztuko herritar ospetsu bat izan zelako, erreferentziakoa hainbat alderditan, eta mendizale kartsua, naturarekin kontaktuan egunero". Halaber, kluba "herritik herriarentzako" sortua izan dela gogorarazi dute, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.
Mediku anarkista
Isaac Puente (Abanto-Zierbena, 1896) Arraia-Maeztuko mediku titularra izan zen hamazazpi urtez, 1936an atxilotu, hil eta desagertu zuten arte. Nazioarte mailan mugimendu anarkistan izan zuen influentziagatik izan zen ezaguna 1920ko eta 1930ko hamarkadetan. Halaber, medikuntza naturistan aditua ere izan zen, eta zenbait artikulu idatzi zituen bere garaian aldizkari eta egunkarietan.