Txirrindulari bat hil da Urizaharrean, eroriko larri baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, txirrindularia, Logroñoko bizilaguna, mendatea jaisten ari zenean erori da. Antza denez, Logroñoko ohiko txirrindulari afizionatu talde batekin zihoan istripua gertatu denean.
Ezbeharra goizeko hamaikak aldera izan da, A-3202 errepidean. SOS Deiak 112 zerbitzuak dei bat jaso du ordu horretan Errioxako Rivas de Teresoko mendatetik Urizaharrera jaisteko bidean txirrindulari bat erorita zegoela ohartarazteko. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, eta, nahiz eta osasun langileak suspertzen ahalegindu, 64 urteko gizonezkoa bertan hil da. A-3202 errepidea luzaroan egon da itxita bi noranzkoetan.
Arabako eta Errioxako txirrindulariek asko erabiltzen duten bidea da istripua gertatu den lekua, eta Toloñoko mendilerroko errepideak hartzen ditu barnean.