Azazetako zentral eolikoa sustatzen duen Aixendar enpresaren kontrako bide judizialak dakartzan kostuei aurre egiteko diru bilketa hasiko duela iragarri du Arabako Mendiak Aske elkarteak. Horretarako, crowfunding edo mikromezenasgo kanpaina abiatu dute.
Elkarteak iragarri duenez, EAEko Auzitegi Gorenean Iberdrola eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak osatzen duten sozietatearen kontra administrazioarekiko auzi prozesua jarri dute "kapitalismo espekulatzailearen aurrean gure ondare natural, sozial eta kulturala babesteko azken aukera gisa". Erantsi dute klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko martxan abiatzen den edozein irtenbidek "halabeharrez bermatu" behar dituela planetaren biodibertsitatea" eta "bateragarria" izan behar dela lurraldearen "ingurumenearekin eta inguru sozialarekin".
Talde ekologistaren irudikoz, halako proiektuek "energia trantsizioaren aitzakiapean gure lurraldea arpilatzea baino" ez dute nahi. Dirua eman nahi dutenentzat Goteo izeneko plataforman eskaria argitaratuko dute, hilaren 12tik eta maiatzaren 1era.