Miryam Kintana Arabako Mendialdeko berdintasunaren arloko arduradunak adierazi du beharrezkoa dela berdintasun politiketan eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko behar diren politiketan urrats sendoak egitea. Ildo horretan, indarkeria matxistaren aurkako protokoloak eguneratzen ari da kuadrilla. "Iaz ondorioztatu genuen beharrezkoa zela protokolo guztiak berritzea, eguneratzea, koordinazioa hobetzea eta prozesu horretan zehar ordezkari politikoei, eragile sozial eta jaietako eragileei eta mugimendu feministari hitza ematea, eta ildo horretan ari gara lanean", nabarmendu du.
Horrela, joan den otsailean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko protokoloa sinatu zuten. Plana egiten parte hartu dute Arabako Mendialdeko Kuadrillako oinarrizko gizarte zerbitzuak, Mendialdeko IPI-ak eta Maeztuko herri eskolak, Ertzaintzak eta Berdintasun Zerbitzuak. Horren helburua koordinazio mekanismoak hobetzea da, indarkeria egoerei eta LGTBIQ+ kolektiboaren aurkako erasoei aurre egiten dieten emakumeei eta adingabeei arreta hobea emateko.
Halaber, prebentzioa eta salaketa ere landuko du kuadrillak. Martxoan erantzun instituzionalerako protokoloa egiteko prozesua hasi dute, eta eskualdeko kargu publiko guztiak gonbidatu dituzte horretan parte hartzera. Puzzlea osatzeko, jai giroan ematen diren eraso matxisten aurkako protokolo bat prestatzen ari da. Prozesu horretan, Arabako Mendialdeko Kuadrilla osatzen duten jai batzorde eta administrazio batzar guztiak gonbidatu dituzte, baita jaialdien antolatzaileak ere, hala nola Urturiko UOFF, Lagrango La previa, Orbisonik, MMF edo AtauriArt.