2012an, lau lagun bildu ziren Kanpezun Eusko Bike Challenge BTT proba antolatzeko. "Urte haietan ez zegoen ez Euskal Herrian ezta Iberiar Penintsulan ere guk proposatu genuena: ibilbide luzeko BTT proba bat, baina gehiena bidezidorretatik edo mendiko bidetatik igarota. Bazeuden ibilbide luzeko probak (Los 1.000 del Soplao, Pedals de Foc Nonstop...), baina denak pistetatik igarotzen ziren", gogora ekarri du Ibon Txurruka antolakuntzako kideak.
Aurten, hamabi urte beranduago, XI. ediziora iritsiko da proba, Euskadiko BTT maratoia eta estatu mailako erreferente bihurtuta. Ekainaren 8an izango da, larunbatean; beti bezala, Kanpezun. 2023ko edizioan 900 pertsona apuntatu ziren; aurten 700k izena eman dute jada, oraindik hiru hilabete falta dira, eta 1.200 lagun inguru biltzea espero dute antolatzaileek. Izena emateko epea maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik; kamisetarik gabe, ekainaren 1era arte.
Horretarako, bi proba izango dira, bakoitza 600 partaide ingururekin: alde batetik, Gold lasterketa, 111 kilometro eta 3.125 metroko desnibelarekin; bestetik, Silver modalitatea, motzagoa, 65 kilometro eta 2.000 metroko desnibelarekin. Probaren zatirik handiena Arabako Mendialdean garatuko da, baina ibilbidearen zati bat Lizarraldeko (Nafarroa) egingo da ere.
Mendialdeko kirol probarik handiena
"Kirol arloan ez dago Mendialdean egiten den proba handiagorik", azpimarratu du Txurrukak. Parte hartu ohi duten kirolari gehienak (%80 inguru) Arabatik kanpokoak dira, gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak, baina asko dira Espainiako beste leku batzuetatik datozenak: "Kanariar uharteak, Madril, Katalunia, Valentzia... Iparraldetik talde txiki bat dator beti, eta aurten Herbehereetatik etorriko dira ere", azaldu du Txurrukak.
Bere kalkuluen arabera, urte hauetan zehar guztira 10.000 biker baino gehiago igaro dira probatik. "Kanpezun, 1.000 biztanle inguru baino ez dituen herri batean", nabarmendu du Txurrukak, Kanpezuko Udalari eta Santikurutze Kanpezuko herriari "urtero bere babesa emateagatik" eskerrak emanez.