Azazeta eta Laminoriako proiektu eolikoak salatu dituzte

Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 10:30
Larunbateko elkarretaratzea Maeztuko udaletxearen aurrean. Argazkia: Mendiak Aske

Larunbat honetan, dozenaka lagun bildu ziren Arraia-Maeztuko udaletxearen aurrean, Gasteizko Mendietan eraikitzekoak diren bi zentral eolikoen aurka Arabako Mendiak Aske plataformak deitutako elkarretaratzean

Bertan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Aixeindar sozietateak Gasteizko Mendietan, Azazetan eta Laminorian, instalatu nahi dituen bi zentral eolikoen proiektua salatu dute.

Horrekin batera, "udal korporazioak izan duen eta izaten ari den konplizitatea" kritikatu dute ere. Alde batetik, Anartz Gorrotxategi alkate ohiari —gaur egun Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko foru diputatua— "zeregin estrategikoa" izatea leporatu diote, zentral horien tramitazioa "erraztu" eta "kontzejuen erabaki subiranoak ahuldu" izanagatik.

Bestalde, Gemma Ramos Arraia-Maeztuko alkate berriari eta Arabako Aldundiari kritika gogorra zuzendu diete ere, "Gasteizko Mendietako naturagunea eta biodibertsitatea eta eragindako udalerrietako herrien biziraupena bera ere arriskuan jarriko lituzkeen eraispen eta suntsiketaren aurrean isilik" geratu izana egotzita.

Halaber, "energia enpresa transnazionalei beren negozioa non eta nola hazi erabakitzeko aukera" eman izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, "natura ingurunearen eta landa eremuaren kontura".

Horren aurrean, Arabako Mendiak Aske plataformak "kontzejuen erabaki legitimo eta subiranoak errespetatzea" eskatu du, baita "bizi iturri den dibertsitate ekosistemiko gero eta mugatuagoa babesten duten habitatak errespetatzea" ere.

"Tokiko beharrei erantzungo dien energia sortzeko eredu banatuaren aldeko apustua egiten dugu, kontsumitzen den tokian ekoiztea, baina ez lurraldea arpilatzen duten esku oligopolikoetan. Berriztagarriak bai, baina ez horrela", aldarrikatu dute. "Gasteizko Mendietan espoliazioa gelditzea exijitzen dugu, borrokan jarraituko dugu behin betiko gelditu arte".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide