'Urizaharreko izua', plegu zaharren artean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko uzt. 9a, 08:00

Urueñako artxiboan gorde duten 'Romance trágico de doña Serafina Alcázar' kordeleko pleguko irudia, adimen artifizialarekin berreginda. ALEA

Itsuen pleguek diotenez, Urizaharreko haitzuloetan bizi izan zen Serafina Alcazar izeneko dama. Bandoleroen gatibu egon zen bertan; ondoren, bidelapurren talde krudel baten buru ibili zen, inguruan basakeria handiak egiten eta izua zabaltzen; azken urteak, ordea, eremita sartu zen, berriz, kobara, bekatuak garbitzera.

XIX. mendeko lehen urteetan jaio zen Serafina Alcazar, Araban, familia aberats batean, eta inoiz ez zitzaion gutiziarik edo oparirik falta izan. Hogei urte bete arte, ezustekorik gabe bizi izan zen, pribilegioz betetako bizitza eramanez. Baina adin horretan ezagutu zuen Pedro de Lasauca, bihotz oneko baina fortuna gutxiko gaztea. Laster maitemindu zen mutiko xume eta lirain hartaz. Alcazarren familiak, ordea, ez zuen harreman hori onartu, Luis de Vendaval pertsonaia aberats eta prestuarekin ezkondu nahi baitzuen alaba; eta ezkontza presaka prestatu zuten, Alcazarren oihu eta negar atsekabetuen artean. Familiaren jarrera ikusirik, erabaki zorrotza hartu zuen gazteak: maitalearekin ihes egitea, ezkondu aurretik.

Ihesak Serafinaren tragedia markatu zuen. Izan ere, bikotearekin Errioxako muga zeharkatzeko gertu zegoenean, hamar erasotzailerekin egin zuten topo. Hasiera batean, lapurtu behar zieten, baina ikusita balio handiko ezer ez zutela gainean, hamabi labankada eman zizkioten Lasaucari, eta bertan hil zuten. Alcazar, berriz, bahitu eta bortxatu egin zuten, eta Urizaharreko kobazulo batean sartu zuten. Lapurrek harrapakin baliotsuak zituzten leizean, baina Alcazar, giza hezurrez eta burezurrez beteta zegoen kobazulo baten galeria ilun batean konfinatu zuten, bururik gabeko gorpuak, "lepoa moztutako emakumeak, eta hankarik eta besorik gabeko haurrak inguratuta". Izugarrikerien galeria horretan, gatibu zuten beste gizon batekin egon zen preso neska gaztea, "uztai sendo batekin eta kate astun bati lotuta".

Denborarekin, Simancas izeneko bidelapur baten konfiantza lortu zuten gatibuek, eta, goiz batean, bidelapurrak Bizkaitik zetorren mandazain karabana bati eraso egitera joan zirenean, Simancasek eta bi presoek ihes egitea erabaki zuten, eta aldameneko kobetan zeuden altxorrak haiekin eraman zituzten. Bitxi guztiak bildu zituzten, ukuiluan geratzen ziren lau zaldietan kargatu zituzten, eta handik alde egin zuten. Legoa erdi bat ibili ondoren, gaizkile taldearekin egin zuten topo. Berehala hil zituzten hauek, eta korrika eta presaka ihes egin zuten, Bizkaira iritsi arte.

Bidelapur krudela

Modu harrigarri horretan bihurtu zen Serafina Alcazar bidelapur, eta gainera, bere gaizkile talde propioa sortu zuen. Bi urte eman zituen bidelapurrerian, Urizaharreko kobazuloak etxebizitza hartuta. Mota guztietako delituak egin zituen, eta bere taldeko bidelapurren artean hilketa gehien egin zituena izan zen.

Egun batean, Madrilerantz zihoazen zalgurdi batzuk ikusi zituzten bidelapurrek, eta gurasoak bertan zihoazela ikusi zuen Alcazarrek. Bere aita tiro batez hil zuen, ama labankadaz, eta "isuritako odola edan zuen". Amak, hilzorian, bere azken hitzetan, alabari agindu zion zerutik otoitz egingo zuela beragatik. Horrek hunkitu egin zuen neska gaztea, eta horren ondoren, bidelapurren banda utzi, eta beste nonbait kontsolamendua aurkitzea erabaki zuen. Hala, Toloñoko Santa Maria monasterioan, Urizaharretik gertu, giltzapetzea erabaki zuen Alcazarrek. Monasterioan hilabete batzuk eman zituen, eta azkenik, Toloñoko mojen baimenarekin, Urizaharreko kobazulora itzuli eta bertan bakartu zen, bizitza eremitikoan bete-betean; eta "egindako hilketa eta erasoengatik jainkoari barkamena eske, bere egunak amaitu zituen".

Egun batean, gizon batzuk igaro ziren leku hartatik, eta Urizaharreko kobazulo hartan euritik ihes egin nahian sartu ziren; eta han, harriduraz, giza garezur bat aurkitu zuten, eta honela zioen paper bat: "Ni Serafina Alcazar naiz, mendi hauetako harridura eta izua, inguru honetan heriotza  ugari eragin dituena. Nire gorputza aurkitzen denean, nire kontzientziak agintzen dit hemen nire bizitza idatzita egon dadila, guztia jakin dadin".

Alcazarren istorio ankerrak hedapen zabala eduki du, XIX. mendeko herri literaturari esker, Espainiako herrialde askotan eta baita Hego Euskal Herrian ere. Izan ere, kordeleko pleguetan inprimatu zuten Urizaharreko izuaren erromantzea, 1844 eta 1857 urteen artean, Madril, Teruel, Valentzia eta hainbat herrialdetako inprentetan. Zaila suertatzen da kondaira non amaitzen den eta errealitatea non hasten den jakitea, XVIII. eta XIX. kordeleko pleguen gaiak askotarikoak direlako, eta gertakari historikoak eta fikziozkoak nahasten dituztelako sarri. Bidelapurraren kasuan, ez dago Araban Alcazar familia ospetsuaren aztarnarik, ezta Pedro de Lasaucaren lekukotzarik ere, eta Luis de Vendaval senargai boteretsuaren erreferentzia bakarra oso urrunekoa da, Belgikako jauntxo batena, hain zuzen.

Kordeleko pleguek soka batetik zintzilik saltzen zituztelako hartu 
dute izen hori

Serafina Alcazar bezalako emakume bandoleroen oso berri gutxi egon arren, baten bat ahanzturatik berreskuratu dute azken urteetan, eta emakumeak bidelapur gisa aritu zirela frogatu dute. Besteak beste, XVIII. mendearen erdialdean, bidelapur aritu ziren Maria Antonia Basarte eta Rosa Guridi arrasatearren berri izan dugu. Gasteizen, berriz, Lakua auzoan, bada Martina Ibaibarriagaren izeneko kale bat; frantsesen aurkako borrokan aritu zen buru-belarri bizkaitarra, eta 1813ko ekainaren 21ean Gasteizko gatazka ospetsuan borrokatu zen, erregimentu baten buru zela. Gerra bukatu ondoren, bidelapurreriaz salatu zuten.

Emakume "disidentea"

Testuinguru horretan, Alcazarrena bezala, emakume "disidente" eta "transgresore" gehiagoren istorio harrigarriak zabaldu ziren kordeleko pleguetan: Teresa Llanos, Ines de Alfaro, Margarita Cisneros edo Fenix izeneko bat. XVI. eta XVII. mendeetako pleguek hainbat emakume bortitzen kontakizunak jasotzen dituzte. Jendearengan sortzen duten liluraren arrazoia da, hain zuzen ere, arau sozialetatik aldentzen direla, eta hausten dituztela. Emakume horiek "desordena" irudikatzen dute: izaki apartak dira, publikoa liluratzen duten "munstroak", emakumeen portaera arautzen duten arau guztiak hausten dituztelako. Serafina Alcazarren kasuan, adibidez, egiten dituen krimen ikaragarriak eta gizon talde baten buru izateko erakusten duen gaitasunak nabarmentzen dira. Alcazar bere bidelapurren taldearen buru bihurtu zen, eta bere kideak menderatu zituen (al que no me obedecía le daba muerte inhumana), eta bere ankerkeria hiltzaileagatik nabarmendu zen (¡Qué infamias no cometimos, qué maldades, qué desgracias! ¡Más vidas quité yo sola que todos los de mi banda!).

Komentua edo ezkontza dira dama krudel eta ausart hauek espero dezaketen amaiera

Halere, emakumeen inguruko narrazio mota hauek (boterea duten emakumeak, harroak, ausartak) helburu zehatzarekin idazten dira. Juan Gomis Coloma historian doktoreak Imágenes femeninas en los pliegos sueltos del siglo ilustrado artikuluan jasotzen duenaren arabera, "pleguetako narrazioen helburu bakarra ez da publikoa entretenitzea eta dibertitzea, baizik eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, garaiko balioak eta ohitura zuzenak indartzea. Arauak hausten dituzten emakumeen bidez, burla edo beldurraren bidez, sexuen arteko desberdintasunak eta desorekak azpimarratzeko desio esplizitua antzematen da, baita emakumeei eta gizonei dagozkien rolak azpimarratzekoa ere". Hartara, emakumezkoen krimenen "tremendismoarekin" irakurleak hunkitu nahi dituzte, eta aldi berean, asmo moralizatzailea indartu.

Colomak adierazi bezala, "komentua edo ezkontza" dira, beti, dama krudel eta ausart hauek espero dezaketen amaiera. "Erlijioso apal edo emazte dohatsu gisa bukatzeak irakurleen kontzientzia lasaitzea zuen helburu; pertsonaiari, emakumeari, zegokion papera ematen zitzaion, eta urak bere bidera itzultzen ziren horrela". Beraz, Alcazarrek bere krimenak zuzendu zituen Urizaharreko haitzuloan; eremita gisa konfinatzea eta hiltzea da amaiera "logikoena".

Itsuen erromantzeen arrakasta

Erromantzeek edo kordeleko pleguek soka batetik zintzilik saltzen zirelako dute izen hori. Obra merkeak eta herrikoiak ziren, istorio fantastikoak, beldurgarriak, odoltsuak eta nahasiak kontatzen zituztenak. Sarritan ere, eliza katolikoak aleluiak eta orazioak za zabaltzeko erabili zituen. Xixelez grabatutako xilografiekin apaintzen ziren salgai jartzen ziren pleguak. Sarritan, itsuek saltzen edo hitzez kontatzen zituzten azoketan eta plazetan, eta modu errazean jasotzen zituzten ideiak, ohiturak eta garai hartako gertaerak. Errimatzaile itsuek atabaka pasatzen zuten entzuleen limosnak jasotzeko, eta hiltzaileei predikatzen zieten. Ongien egiten zutenek diru gehiago biltzen zuten.

Inprentarekin batera, XV. mendearen amaieran hasi ziren zabaltzen kordeleko pleguak, eta XX. mendera arte ere iraun zuten. XVII. eta XVIII. mendeetako erromantze arruntek gatibuen, mirarien eta gaizkileen istorioak jorratu zituzten bereziki, baina XIX. eta XX. mendeetan krimenen, familia liskarren eta gertakari ankerren kontakizunak nagusitu ziren. Ondoren, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, krimenen eta hilketen erromantzeak literatura genero gisa desitxuratzen hasi ziren; forma, bertsoa mantendu egin zen, baina hizkuntza poetikoa desagertu egin zen, pixkanaka, eta egunkari batetik ateratako edozein gertakariren kronikaren antza hartzen hasi ziren. Hala, generoa ikertu duten adituen esanetan, gertakarien kazetaritza XVII. mendean jaio zen, "metrika erromantzean eta itsuek abestuta". 
Espainian eta Euskal Herrian banatu zen azkenetako plegu bat Juan Diaz de Garaio Sacamantecas hiltzaile gasteiztarra hil zutenena izan zen (1881ean). Hirurogeita bat bertso zituen aipatu erromantzeak, eta prezioa ere errimatua zeraman: Y aquí se acaba el romance/que en pliego escrito va,/sólo dos céntimos cuesta/a quien quiere llevar. 

Euskal literatura, bertsopaperetan

Espainiako kordeleko pleguen artean eta nazioartean zabaldu zen beste literatura generoen artean ezaugarri komun asko daude, hala nola, Frantzian, Bibliothèque bleue edo Littérature de colportage izenekoarekin, ingelesezko chapbook-arekin, edo germaniar windosbuch-arekin zerikusi handia dute kordeleko pleguek. Euskal literaturari dagokionez, zenbait ikertzaileren arabera, alderagarriak dira itsu koplak edo kordeleko pleguak XVIII. mendean sortu ziren bertsopaperekin, eta Jean Etxepare donapaleutarra seinalatu dute literatura beltz mota horren adierazle nagusi bezala. Patricio Urkizuk jaso duenez, krimenei buruzko bertsopaperak idatzi zituen Etxeparek, hamahiru euskaraz eta hamabi frantsesez, 1873tik 1889ko epean. "Konplaintegilea dugu, alegia, tragedien berri ematen duena, inondazioneak, itsasuntzien ondoratzeak, baina batez ere kriminalen koplaria dugu Etchepare". 

Emaztearekin batera saldu zituen bertsopaperak Etxeparek, garaiko beste bertsolari batzuk bezala

Emaztearekin batera saldu zituen bertsopaperak Etxeparek, garaiko beste bertsolari batzuk bezala. Matxinbentako Jose Maria Lasaren ilobak kontatzen duenez, bigarren karlistaldian bista galdu zuen; eta, ondoren, herriz herri ibiltzen zen biolina jotzen eta bertsotan, paperorriak saltzeko. Beste batzuk, Irungo Ezkioga adibidez, igandero helburu berarekin Berara joaten zen, edo Joaquin Luzuriaga Segurako itsua, bizimodua ateratzeko, 1861az geroztik bere emazte Manuela Etxarrirekin batera bere pleguak herrietan saltzen aritu zen. Ospetsuak ziren jaiegunetan herrietan agertzen zirelako, meza ondoren, eta entzuleen barrea eragiten zutelako. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago