Bonelli arranoaren sei txita askatu dituzte Izkiko Parke Naturalean

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 18:27
Gaur bost txita askatu dituzte; seigarrena hamar egun barru. AFA

2015az geroztik, espeziearen populazioa indartu da, Bonelli arranoaren 36 ale berriro sartuta lurraldeko hiru eremu estrategikotan: Kanpezu, Sobron eta Kantabriako mendilerroan.

Arabako Foru Aldundiak Izkiko Parke Naturala aukeratu du Bonelli arranoaren sei txita sartzeko. Horietako hiru Andaluziakoak dira, eta beste hiru itxian hazi dira Madrilen. Hamar egun barru iritsiko da seigarrena, gaur sartzeko oraindik txikiegia baita.

Ekintza AQUILA a-LIFE proiektuaren parte da, After LIFE aldian. Europako Batasunak finantzatzen du, espeziea berreskuratzeko, Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Zerrendan "kaltebera" gisa kalifikatuta baitago, eta Euskal Herrian desagertzeko arriskuan.

Natividad Lopez de Munain Ingurumeneko foru zuzendariak bost txitak kaiolan askatzean parte hartu du, abuztuan behin betiko askatzea ahalbidetuko duen ikaskuntza prozesuari ekiteko.

Hainbat urtez, txitak Arabako Mendialdearen hegoaldean sartu edo askatu ondoren, eta 2020az geroztik Arabako Errioxan, hainbat ale ezarri ahal izan dira eremu horietan. Zehazki, Kanpezun bikote batek hartzen zuen eremu batean txita bat atera zuen aurrera, lehena berrogei urtean espazio horretan; eta bi ale Kantabriako mendilerroan, oraindik bikoterik ez daukatenak. Hori dela eta, 2023an askatzeko ingurune berri bat bilatu da, eta Izkiko parke naturalean jardutea erabaki da, parke natural hori leku aproposa baita espeziearentzat, eta, zehazki, Maeztuko Administrazio Batzarraren jabetzako mendietan.

Hainbat faktoreren eraginak arriskuan jartzen du espeziea. Linea elektrikoak dira Bonelli arranoaren mehatxu nagusietako bat, beste harrapari batzuena bezala, eta, horretarako, Ingurumen Saila hainbat estrategia lantzen ari da hegaztiak elektrokuzioz hil ez daitezen.

Espeziea mehatxatzen duen beste jarduera bat dira besorako mahastietan erabiltzen diren alanbreak, zeren, landarerik ez badago, talkak eragin ditzakete, heriotza ere eraginda. Arabako Errioxako sei upategiren lankidetzari esker, alanbre horiek kudeatzeko alternatibak aztertu ahal izan dira, Espaldera Proiektua izeneko esperientzia pilotu batean. Horrela, alanbre horiek mahatsondoaren gutxieneko altuerara jaitsiko dira inausketaren unean.

Bonelli arranoa lehentasunezko harrapari bat da, eta %75etik gorako beherakada du penintsulako iparraldean. Horregatik, foru zuzendariak zehaztu duenez, "aspalditik ari gara espeziea berreskuratzeko lanean, Nafarroarekin, Madrilekin, Mallorcarekin, Frantziarekin eta Italiarekin partekatzen dugun AQUILA a-LIFE Europako proiektuaren barruan. Proiektu hori 2022ko udazkenean amaitu zen, eta foru funtsekin jarraituko dugu".

2015az geroztik, Foru Aldundiak espeziearen populazioa indartu du, Bonelli arranoaren 36 ale berriro sartuta lurraldeko hiru eremu estrategikotan, zehazki, Kanpezu, Sobron eta Kantabriako mendilerroan. Bonelli arranoa lurraldeko harrapari bat da, eta jartzen zaien GPS gailuak aukera ematen du beren mugimenduak eta kontserbaziorako mehatxu nagusiak ezagutzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide