Kanpezuko Mendialdea ikastetxe publikoko guraso elkarteak prentsa ohar bidez salatu du, datorren ikasturtera begira, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak irakasle gutxiago esleituko dituela zentroan. Hezkuntzak iragarri duen hiru irakasle eta erdiko murrizketa "onartezina" dela salatu dute Arabako Mendialdeko ikastetxeko gurasoek, eta protestak antolatu dituzte, bihartik aurrera, "gure seme-alaben etorkizuna defendatzeko".
Hala, egunero, 9:00etatik aurrera, ikastetxean bertan egingo dituzte mobilizazioak, Hezkuntza Sailak murrizketak bertan behera utzi arte.