King Salami eta La Perra Blanco, aurtengo Mendialdea Music Festival jaialdian

Erredakzioa 2023ko api. 12a, 18:30
King Salami & The Cumberland Three nazioarteko taldea. / Argazkia: WEGOW

Maiatzaren 20an ospatuko da Mendialdea Music Festival jaialdiaren aurtengo edizioa, Maeztun. Kartelburuekin batera, The Empty Bottles, Victimas Club, Dürum Solo Karne, La Vil Canalla, Mainlander eta Thursday's Pussy Dogs izango dira.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, bi urteko etenaldia egin behar izan zuen Mendialdea Music Festival musika jaialdi herrikoiak, 2020an eta 2021ean. Iaz, berriz, indarberrituta itzuli zen. Maeztu eta Mendialdeko herritarrak prest daude jada datorren maiatzaren 20an, larunbatean, zuzeneko soinurik onenak eta adin guztientzako jarduerak itzularazteko, eguerditik aurrera eta ordu txikiak arte.

Horretarako, ordutegiak aurrerago zehaztuko dituzten arren, nazioarteko, Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko zortzi musika talde hautatu dituzte. Kartelburu gisa, King Salami & The Cumberland Three iritsiko da, Ingalaterratik, baina munduko bazter ugaritako musikariekin, umorea eta rhythm and blues soinuak uztartuz.

Geografikoki "hurbilago" (Cadiz), baina kartelaren goiko aldean ere, La Perra Blanco Trio ere oholtza gainean izango da. Andaluziatik mundura suziri baten antzera doan power rockabilly hirukote basatia. Oraingoan, Maeztura hurbilduko dira, azken urteetan Azkena Rock Festivalean edota Hell Dorado aretoan publikoa liluratu ostean. Halaber, Alacantetik iritsitako The Empty Bottles ere festara batuko da. Taldeak hainbat iturri klasikotatik edaten du, hala nola blues klasikotik, rock'n'rolletik, souletik eta hill country bluesetik.

Bestalde, bertako zein gertuko beste bost taldek osatuko dute aurtengo MMFren kartela: Victimas Club (pandemic piano punk, Gasteiz), Dürum Solo Karne (Ziakhus raplaria bandarekin, Araba), La Vil Canalla (rockabilly, Errioxa), Mainlander (rock, Gipuzkoa) eta Thursday's Pussy Dogs (erotic fresh southern rock, Iruñea).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide