Mendialdean filmatu du Eneko Sagardoik bere lehen zuzendari lana

Erredakzioa 2023ko ots. 6a, 17:36
Eneko Sagardoi zuzendaria, Elena Irureta aktorearekin. / Asier Corera

Miren Gaztañaga eta Elena Irureta ditu protagonista film laburrak.

Bukatu da Eneko Sagardoik zuzendu eta Nerea Ibarzabalekin batera idatzitako Betiko gaua film laburraren errodajea. Aurretik, besteak beste, Handia-n, Errementari-n edo hilabete amaieran estreinatuko duten Irati pelikuletan aritu da aktore durangarra, eta lehendabiziko lana du hau zuzendari modura.

Euskara hutsean filmatu dute Sagardoiren lehenengo film laburra, Arabako Mendialdean, eta Miren Gaztañaga eta Elena Irureta aktoreak ditu protagonista; aurretratu dutenez, lehenak bigarrena antzemango du alokatutako auto bat gidatzen eta errepidean barrena jarraituko du.

Behin filmaketa lanak bukatuta, muntaketa prozesuan sartuko da lantaldea, eta 2023an zehar estreinatuko dute. Galapan, Sumendi eta Ikusgarri Filmsen ekoizpena da, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Film labur honekin, lau dira Galapan eta Sumendi ekoiztetxeek elkarlanean sortutako lanak; aurrekoak dira Kinka (Maider Oleaga, 2021), Berak baleki (Aitor Gametxo, 2021) eta Irrits (Maider Oleaga, 2021).

Mendialdeko hainbat txokotan izan da filmaren errodajea. / Asier Corera

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide