Astelehen honetan, Arabako Mendiak Aske plataformak elkarretaratze bat egin du Azazetan, eremu natural horretan proposatutako parke eolikoaren kontra. Izan ere, beste zenbait enpresa Arabako hainbat herritan egiten ari diren bezala, Iberdrolak eta EEEk osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren ordezkariak bertako bizilagunekin bildu dira.
Bisita hori baliatu nahi izan du Mendiak Askek beste behin ere Gasteizko Mendietako proiektu eolikoari errefusa erakusteko, gogoraraziz Azazetako kontzejuak bere gaitzespena adierazi duela eta alegazioak aurkeztu dituela.
"Orain, proiektu bera aurkezten da, zuzenketa puntualen batekin, biodibertsitate anitza hartzen duen ekosistema heldu hori suntsitzeko noraezean jarraituko lukeena", salatu dute. "Proiektu hori ezartzea suntsitzailea izango litzateke bertako bizimoduentzat: basoa, hegazti fauna, kiropteroak..., eta urteko garai desberdinetan babesleku den habitat bat zatituko luke, Europa mailako korridore ekologikoa baita".
"Izkiko Parke Naturalaren, Gasteizko Mendien eta Entzia Mendilerroaren arteko lotura horrek babestu, zaindu eta garatu beharreko naturagune paregabea osatzen du", gaineratu du plataformak, zonaldea bazterketa eremu izatea aldarrikatuz. "Energia berriztagarrien ekoizpenak koherentea izan behar du biodibertsitatearen kontserbazioarekin. Denak ez du balio. Berriztagarriak bai, baina ez horrela".