Arrea! jatetxeak bere lehenengo Michelin Izarra lortu du

Erredakzioa 2022ko aza. 23a, 17:00

Edorta Lamo, 2023ko Michelin Gidaren aurkezpen ekitaldian. / Argazkia: MICHELIN GIDA

"Aupa Araba!", ospatu du Kanpezuko Arrea! jatetxeko sukaldariburu Edorta Lamok, lehenbiziko aldiz Michelin Izarra jasotzean.

Astearte honetan albiste ezin hobea jaso dute gastronomia arabarrak eta, bereziki, Mendialdeak. Izan ere, Kanpezuko Arrea! jatetxeak bere lehenengo Michelin Izarra irabazi du, aurretik bi Repsol Eguzki lortu ostean. Horrela, beraz, sukaldaritzaren aitortza gorenaren bi izar ditu Arabak: Eltziegoko Marques de Riscal hotelarena eta, orain, Edorta Lamoren (Gasteiz, 1980) jatetxearena. Gasteizek, berriz, izarrik gabe jarraitzen du, 2018an Zaldiaranek zeukana galdu zuenetik.

Bost urteko ibilbidea borobiltzeko aitortza 42 urteko chef gasteiztarrak berak jaso du, Elena Arzaken eskutik; saria Michelin Gidaren jaka ofiziala da. "Eskerrik asko, mila esker, aitari eta aitona-amonei, arrebari, seme-alabei, emazteari eta nire lantaldeari eskaintzen diet", eskertu du Lamok, Gasteizko Michelingo txapel bat jantzita. Hitzartzearen amaieran bere lurraldearentzako hitzak izan ditu: "Aupa Araba!". 2023ko Michelin Gidaren aurkezpen ekitaldia Toledon egin dute aurten.

Bideoa: MICHELIN GIDA

Gaztea bada ere, sukaldaritzan ibilbide luzea du Lamok. Oñatin sukaldaritza ikasketak egin ostean, AEBetan ibili zen lanean. Etxera itzultzean, Gasteizko Hor Dago tabernan ibili zen, eta 2006an A Fuego Negro jatetxea zabaldu zuen Donostian, Amaia arrebarekin batera. Proiektu horrekin kritika ezin hobeak jaso ostean, 2018an Santikurutze Kanpezun martxan jarri zuen proiektu berria, batez ere ehizatik eta menditik eratorritako produktuetan oinarrituta.

"Arabako Mendialdeko kulturan eta gastronomian barrena bidaia interesgarria; batez ere biziraupeneko gastronomia, gaur egungo ikuspegitik", nabarmendu du Michelin Gidak. "Kartak eguneko gisatu bat darama beti, eta hiru menurekin osatzen da; horietako bi gastronomikoak (aldez aurretik erreserba egin behar da, gutxienez 24 orduz). Zaporea, testura delikatuak, aurkezpen mimatuak, nortasuna...", gaineratzen du fitxak.

Edorta Lamo ALEAn

ALEArekin hitz egin zuen orduan Arrea! jatetxeko sukaldariburu eta jabeak. Hemen duzue elkarrizketa: "Estalita egon den arbasoen bizimodua azaleratzea da asmoa". Hiru urte geroago, pandemia garaian, Edorta Lamok berak ALEAren Ezagutu gertukoa zikloan parte hartu zuen, Mendialdeko bere tokirik kuttunena proposatuz: Inta bidea, udako txoko freskoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago