Bost urte bete ditu Izkiko behatoki astronomikoak

Erredakzioa 2022ko ira. 29a, 18:26
Izkiko behatokiaren bosgarren urteurrena ospatuko dute. ALEA

Korresko Izkiko parketxeak behatoki astronomikoaren urteurrena ospatuko du larunbatean, ilargi behaketa batekin.

Hilaren 1ean, Ilargi Behaketaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, Korresko behatoki astronomikoaren inaugurazioaren bosgarren urteurrenean. Bi gertaera horiek ospatzeko, familia osoarentzako jarduera multzo bat prestatu da. Hasteko, hitzaldi bat emango da, 18:30ean; ondoren, behatoki astronomikoak bisitatuko dira, eta, amaitzeko, Ilargi, Jupiter eta Saturnoren behaketa bat egingo da, zuzeneko musikak girotuta.  Jarduera hori La otra mitad Astronomia Elkarteak eskainiko du, eta Arraia-Maeztuko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izango du.

Izkiko parke naturala mendiz inguratuta dago eta horrek berezko harresia egiten du, eta mugatu hiri handien argi kutsaduratik. "Izkin dugun baliabide hau balio handikoa da ikerketa eta dibulgazio zientifikorako ez ezik, ikasleen eta, oro har, herritarren artean astronomia sustatzeko ere", nabarmendu du Josean Galera Ingurumeneko foru diputatuak.

Parketxeetan jarduera gehiago

Agendan, gainera, urriaren 8an bi jarduera egitea dago aurreikusita. Naturaren argazkigintzaren munduan hasi nahi dutenek aukera izango dute Araiako Aizkorri-Aratzko Parketxeko lantegi batera joateko. Eta Gorbeian, larunbat goizean, Sarria inguruko lanbide zaharrak emango dira ezagutzera, karobi historikora edo errotara bisitak eginez.

Kirolerako tarte bat ere egongo da udazkenean. Alde batetik, hainbat irteera egingo dira Izkin Bike-Birding praktikak egiteko. Jarduera hori Arabako Mendialdeko Kuadrillarekin batera egingo da, eta hegaztiak behatzean datza, bizikleta elektrikoz gidatutako ibilbide bat eginez.  

Eta, bestetik, Valderejoko oinezko ibilaldia egingo da urriaren 30ean. Haren XIX. edizioa izango da aurten. Parte hartzaileek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute: laburra, 22 kilometrokoa, eta luzea, 35 kilometroa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide