Izki Trail lasterketaren lehen edizioa egingo dute abuztuaren 27an

Erredakzioa 2022ko abu. 2a, 09:00
200 lasterkari inguru espero dituzte probaren lehen ediziorako. / Argazkia: IZKITRAIL.com

Izkiko Parke Naturalaren barruan eta inguruan hiru gailur, 21 kilometroko distantzia eta 700 metroko desnibela gainditu beharko dituzte abuztuaren 27an Izki Trail proban parte hartuko duten 200 lasterkariek.

Kirol hitzordu berri bat izango du Arabak 2022tik aurrera: abuztuaren 27an Izki Trail mendi lasterketaren lehen edizioa antolatuko dute, Izkiko Parke Naturalean eta inguruko lurretan, Arraia-Maeztu udalerrian. Datuetan laburbilduta: 21 kilometroko distantzia, 700 metroko desnibela eta 200 parte-hartzaile inguru izateko aurreikuspena.

Karrantan-Oskarbi Kultura Elkarteak antolatutako mendi lasterketen Arabako Koparen barruan izango da Izki Trail, eta Vital Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren babesa izango du.

Probaren helburu nagusia Izkiko Parke Naturalaren balioa, ondarea eta ingurunea ezagutaraztea da. Ibilbidea Apilaizko zein inguruetako kokaleku erakargarrienak eta ezagunenak zeharkatzeko diseinatu dute, eta egokia da lasterkari aurreratuenentzat zein publiko orokorrarentzat.

Ibilbidearen %90 mendi bidezidorretan barrena joango da, eta hiru gailur igoko dira: San Kristobal, San Justi eta Ipurtika. Izkiranzko pistatik hasi eta balio ikaragarriko pagadiak zeharkatuko ditu. Eskalada maite dutenen paradisu batetik jarraituko du, Apilaizko haitzetatik, gaztainondo eremuraino. Ondoren, San Kristobal gailurrerantz igo beharko da, Apilaizko presatik eta Carteroaren zidor ospetsutik igaroz. Oso lur bizkor batetik ibilita lauan, Izkiko Parke Naturalaren ikuspegi ikusgarriarekin, lasterketaren bigarren gailurrera iritsiko dira, San Justira. Berriro ere Apilaiz norabidera joko dute, mendi hegal lauan zehar eta bista ikusgarriekin, probako azken igoerari, Ipurtikari, aurre egin arte.

Irteera eta helmuga Apilaizko Gerardo Lopez de Gereñu plazan egongo dira, eta lasterketa 10:30ean abiatuko da.

Lasterketaren inguruko informazio guztia Izki Trail webgune ofizialean topa daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide