Arrate Moralesekin

Antoñanako haginaren itzalean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko abu. 19a, 08:00

Antoñanako hagina Soila mendiaren igoeran dago; 800 urtetik gora izan dezakeela uste dute. ARRATE MORALES

Soila mendira maiz igotzen da Trikoma bandako Arrate Morales gaztea, eta bidean Antoñanako haginari bisita egiten dio. Harreman afektiboa du, gainera, zuhaitz "sakratuarekin".

Korresetik edo Antoñanatik igo daiteke Antoñanako haginera, eta bertara joatea izugarri maite du Arrate Morales Trikoma bandako eta Magufada taldeko musikariak. "Maeztun bizi naiz, baina familia erdia Maeztukoa daukat eta beste erdia Antoñanakoa. Txikitatik gustatu izan zait Soila mendira igotzea, eta beti igotzen naiz hortik zuhaitza ikusteko".

Antoñanakoa, gainera, ez da nolanahiko hagina, Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaitz apartekoen zerrendan sartuta dago, bere ezohiko neurriak eta itxuragatik, eta babes berezia du, legearen aldetik, kalterik gabe iraun dezan. Maeztuko abeslariak zuhaitzaren inguruko beste ezaugarri batzuk dakizki: "Oso zaharra da, baina inork ez daki zehazki esaten zenbat urte dituen, batzuek diote zortziehun urte baino gehiago dituela".

Halaber, sinbologia handia gorde dute haginek herrietan. "Pizkundearen zuhaitza dela esaten dute, eta bizitza luzearen sinboloa ere bada. Gainera, herrietan, beti kokatzen zituzten leku esanguratsuetan, herria bertan elkartu eta erabakiak hartzen zituen lekuetan, adibidez; gero, kristautasunarekin, kokapen hori aldatu zen". Bestalde, Moralesek entzun dituen kondairek diote emakumeek haginaren pozoia erabili izan dutela urteetan abortuak eragiteko.

Harreman afektiboa

"Zuhaitza berez izugarri polita da, eta dagoen lekua ere, Antoñana ikusten da bertatik, harri-koskorrez betetako aldapa batean dago, eta oso leku berezia da niretzat". Are bereziagoa, toki hori asko maite duen senide bat gaixo duelako. "Lehengusu bat daukat Antoñanan, ELA daukana, eta berak ere gogoko du leku hori; bere etxetik Soila eta inguru hori ikusten da, eta berarentzat ere oso leku berezia da".

Izugarri gustatzen zaio mendira joatea Trikomako abeslariari. "Txakurtxo bat daukat eta egunero ateratzen gara mendira, oso gertu bizi gara menditik Maeztun, eta errepide bat ere pasatu gabe joan gaitezke mendira, hori kristorena da". Antoñanatik iristeko, ibilbidea seinaleztatua dago, eta hain zuen zuhaitzetik hartu du bere izena Agina zidorrak. "Inguruan badaude hagin gehiago, baina ez hain zaharrak eta hain handiak. Ezkia dago ere, oso ezaguna, eta haritz potoloak", azaldu du Trikoma bandakoak.

Mendia eta natura gertu izateaz gainera, Mendialdean, jende gaztearentzat dagoen kultur eskaintza azpimarratu du Moralesek. "Jende gazte pilo bat bizi gara Maeztun eta inguruko herrietan; nire kuadrilla herrian dago, eta askok lan egiten dugu Gasteizen, baina egunero egiten dugu joan-etorria. Gainera, orain, udan, herriko jai guztiak daude, eta eskaintza kultural nahiko potentea dago". Azaldu duenez, asteazkenetan Maeztuko igerilekuetan kontzertua dago, ostegunetan, berriz, Kanpezuko igerilekuetan, eta ostiraletan Kanpezuko plazan. "Beti dago zer edozer egiteko, eta bestela, hemen, berehala ateratzen dira planak, bizikletan ibili, paseoak eman, baratza…".

Musika taldeen loratzea

Hain zuzen, bizitasun horri esker, Maeztu gazteen gogoetatik eta Javi Antoñana gitarristaren bultzadari esker, sortu zuten duela hamaika bat urte Trikoma banda. Gaur egun zortzi pertsona daude taldean, Euskal Herrian Jamaikako musika eta kultura sustatzeko helburuarekin. Magufada banda ere sortu zuten, 2019aren amaieran, musika antzeztua egiten duen taldea.

"Mendialdekoak gara, eta lotura berezia dugu gure herriarekin, entseguak beti Maeztun egiten ditugu. Hemen, beti egon dira musika taldeak, baina Kanpezun, adibidez, Taldegune musika eskola sortu zuten duela urte batzuk, eta jendeak ere musika klaseak ematen ditu bere kabuz, eta hasi dira taldeak sortzen". Uda partean, Trikoma bandarekin baditu bolo batzuk Moralesek, eta lokalean gauza berriak sortzeko asmoa dute; Magufadarekin, aldiz, apurtxo bat geldirik daude, eta irailera arte ez dituzte entseguak berreskuratuko.

Udan, musikak eta lanak uzten dizkion uneak haginera igotzeko aprobetxatuko ditu musikariak. "Haginera goizean, arratsaldean igerilekuetara kontzertura, eta ibaian bainatu. Hori da plan perfektua. Leku sekretuak, bakoitzak bila ditzala". 

Bizia kentzen eta ematen duen arbola

Jurasikotik datorren espeziea da hagina (Taxus baccata). Azken glaziazioaren ondoren, (duela 110.000 eta 10.000 urte artean) Europa guztian egondako euriteen ondorioz, hagina kontinente osoan zabaldu zen. Klima aldaketarekin, berriz, beste zenbait espezieren aurrean atzera egiten hasi zen, baina gurean prezipitazioak eta hezetasun maila mantendu egin ziren: haginarentzat baldintza ezin hobeak.

Gizakia artzaintzarako eremuak soiltzen hasi zenean, berriz, mozketek pagoa lagundu eta haritza, hagina eta beste hainbat espezie kaltetu zituzten. Halere, haginaren zura, erretxina gabekoa eta oso gogorra, bai zurgintzan eta bai arozkintzan ere oso estimatua izan da, eta hori izan da, hein handi batean, Euskal Herrian hagin bakar batzuk geratzearen arrazoi nagusia.

Haginaren kultura oso zabala da, eta zuhaitz horrekin bizi izan diren ia herri guztientzat zuhaitz sakratua izan da, eta tradizio eta mito ugari dago haren inguruan. Italian, esate baterako, "heriotzaren zuhaitza" izenez ezagutzen da.
Zuhaitz horren gauzarik bitxiena barruan dago, toxina hilgarri bat baitu alde guztietan, fruituan ezik. Fruituak inguratzen dituen ariloan efedrina deituriko substantzia narkotikoa dagoen bitartean, zuhaitzaren gainerakoan taxina deituriko alkaloide-nahaste pozoitsuaren kantitate ezberdinak daude. Azken hau irensteak bihotz-birikak geldiarazita hil egin dezake.

Diotenez, euskaldunek bere gezien puntak haginaren pozoiz igurtzen zituzten erromatarren aurkako erasoaldietan. Halaber, pozoia edaten omen zuten erromatarren eskuetara erori baino lehen, beren burua hilez. Bai artzainak eta bai baserritarrak ere, haginaren hostoak eta fruituak animaliek jan ez zitzaten, zuhaitz hau ahalik eta urrunen edukitzen saiatu dira.

1960. hamarkadan, berriz, AEBetako Minbiziaren Aurkako Institutuak zenbait motatako landaretatik ateratako substantziak jaso zituen, eta Pazifikoko Haginaren, Taxus brevifolia-ren, azaletik ateratakoak leuzemia sendatzeko balio zezaketela ikusi zuten.

Ondoren egindako ikerketek berretsi zuten haginaren taxinaren ezaugarri sendagarri hori, eta horretan oinarritutako botika erabiltzen da, gaur, leuzemia, obario, birika, bular eta melanomako minbizien aurka. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago