Lasterbidean: elkartasunak blaitu du Kanpezu

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 30a

Joan den larunbatean, Kanpezuk Lasterbidean lasterketa hartu zuen. Bi ibilbide eta egun osoko egitarauarekin, ehunka lagun bildu ziren euskal preso eta iheslariekin elkartasunez.

ARGAZKIAK: Nerea Mauleon / Lasterbidean

Lasterbidean euskal presoekiko elkartasun lasterketaren antolatzaileek bi aldiz atzeratu behar izan dute 2020an Kanpezun ospatzekoa zen zortzigarren edizioa, Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Hasiera batean 2021eko udaberrira atzeratu zuten, baina egoerak ez zuen lagundu, eta hori ere bertan behera utzi zuten, 2022an ospatzeko itxaropenarekin.

Osasun egoera berriak behin betiko hitzordua mantentzea ahalbidetu du, eta Kanpezun egin zen joan den larunbatean, hilaren 28an. Udalerriko kaleak eta ingurune naturala izan zituen agertoki, eta mila pertsona baino gehiago bertaratu ziren; tartean, 200 bat lagun aritu ziren jardunaldia posible egiteko logistika lanetan.

Herriko frontoian dortsalak banatu ostean, bi ibilbide izan zituen lasterketak, Kanpezu eta Genevilla artean mendiaren behealdetik. Ibilbide luzea 9,2 kilometrokoa izan zen, 11:00etatik aurrera; 12:30etik aurrera abiatutako ibilbide laburra, berriz, 3,2 kilometrokoa.

Aurretik eta ondoren, egun osoko egitarauaz gozatu ahal izan zen: Denak Etxera mural margoketa kolektiboa, zunba beroketa, sari banaketa, ekitaldia, herri bazkaria Jotafa Txarangarekin, umeen txokoa, esku pilota partidua, Zaunka, Sakamantekas eta Erroka taldeen kontzertuak, eta, amaitzeko, DJ Bull-en pintxada.

Kirola eta elkartasuna

Korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da Lasterbidean. Euskal presoen eta beren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik. Lehen edizioa Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an eta, azken edizioa, 2019an Arbizun eta Lakuntzan.

Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izan da Kanpezukoa. Izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago