Atauriko Lucia meategia 2023ko udan bisitatu ahalko da

Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 16:58
Arraia-Maeztuko Udaleko eta Arabako Aldundiko ordezkari politikoek bisita egin dute Lucia meategira. AFA

Atauriko meategiko sarbide zaharra egokitu eta berreskuratu ostean, uda partean, bisitariei zabaltzea aurreikusten dute udalak eta aldundiak. Europa mailan ez dago antzeko asfalto meategirik.

Aurreikusita zegoen bezala, hurrengo urteko udaran, Atauriko Lucia meategia lehen bisitariak jasotzeko moduan egongo da. Hala ziurtatu dute Arraia-Maeztuko Udaleko eta Arabako Aldundiko arduradun politikoek, bertan egiten ari diren obrak eta hobekuntzak ikusteko egindako bisita batean. Azpimarratu dutenez, Mendialdeko asfalto naturalen meategia berezia da Europa osoan, "ez baitago antzeko asfalto meategirik". Horregatik uste dute Maeztu inguruko asfalto meatzaritzari loturiko baliabide kultural eta natural gisa garrantzi handia izanen duela Lucia meategiak, eta horren erabilera publikorako eta ekoturistikorako proiektua aurrea jarraitzen duela nabarmendu dute.

Gaur egun garatzen ari den obra meategiaren barnealdearen segurtasuna bermatzea da, erabilera publikoa ahalbidetzeko, eta horretarako egurrezko arku bat eraiki dute, sarrerako eta irteerako galerietan. Lan horiek guztiak eskuz egin dira, artisauen moduan.

"Ondarea zabaltzea"

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "esku hartze horrek garrantzia handia dauka; izan ere, eskualdeko memoria historikoa mantentzen laguntzeaz gain, Mendialde osorako baliabide ekonomikoen sortzaile gisa sendotuko da. Funtsezkoa da gure natura, geologia eta industria ondarea zabaltzea, betiere paisaia, izaera eta jatorrizko egitura errespetatuz, ahalik eta gehien".

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker garatzen ari da Atauriko Lucia meategiaren inguruko proiektua. Espazioa berreskuratzeko obra horren inbertsioa 669.951,73 eurokoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide