Egun osoko egitaraua izango du Lasterbidean lasterketak, maiatzaren 28an Kanpezun

Erredakzioa 2022ko api. 25a, 13:00
Lasterbidean lasterketaren aurkezpena, ostiralean Kanpezun. / Argazkia: MENDIALDEA.info

Maiatzaren 28an, larunbatean, Kanpezuk Lasterbidean elkartasun lasterketa hartuko du, egun osoko egitarauarekin: zunba beroketa, lasterketa luzea eta laburra, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, esku pilota partida eta kontzertuak.

Lasterbidean euskal presoekiko elkartasun lasterketaren antolatzaileek bi aldiz atzeratu behar izan dute 2020an Kanpezun ospatzekoa zen zortzigarren edizioa, Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Hasiera batean 2021eko udaberrira atzeratu zuten, baina egoerak ez zuen lagundu, eta hori ere bertan behera utzi zuten, 2022an ospatzeko itxaropenarekin.

Osasun egoerak behin betiko hitzordua mantentzea ahalbidetu du. Hortaz, maiatzaren 28an Kanpezun egingo da, udalerriko kaleak eta ingurune naturala izango ditu agertoki, eta talde eragileak mila pertsona inguru bertaratzea espero du. Horregatik, jardunaldia posible egiteko logistika lanetan laguntzeko gonbita egin diete herritarrei, 200 lagun inguru beharko baitituzte.

Bi ibilbide diseinatu dituzte, Kanpezu eta Genevilla artean mendiaren behealdetik igaroko direnak. Ibilbide luzea 9,2 kilometrokoa izango da, eta laburra 3,2 kilometrokoa. Bi lasterketetan izena emateko epea zabalik dago Lasterbidean.eus webgunean, maiatzaren 25era arte; nolanahi ere, lasterketaren egunean bertan aurrez aurre egiteko aukera izango da.

Joan den ostiralean, apirilaren 22an, egitaraua aurkeztu zuten antolatzaileek:

  • Goizean zehar: Denak Etxera mural margoketa kolektiboa
  • 09:00: Dortsal banaketa, frontoian
  • 10:00: Zunba beroketa, plazan
  • 11:00: Lasterketa luzea (9,2 kilometro)
  • 12:30: Lasterketa laburra (3,2 kilometro)
  • 13:30: Sari banaketa, herriko plazan
  • 14:00: Ekitaldia, herriko plazan
  • 15:00: Herri bazkaria Jotafa Txarangarekin, polikiroldegian
  • 16:00: Umeen txokoa, gimnasioan
  • 17:30: Esku pilota partidua
  • 19:00: Kontzertuak, plazan: Zaunka, Sakamantekas eta Erroka
  • Kontzertuak eta gero: DJ Bull

Kirola eta elkartasuna

Antolatzaileen hitzetan, "korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da" Lasterbidean. Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik.

Lehen edizioa Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an eta, azken edizioa, 2019an Arbizun eta Lakuntzan.

Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izango da Kanpezukoa. Izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide