Santikurutze Kanpezuko aterpetxe berria udaberrian irekiko dute

Erredakzioa 2022ko mar. 10a, 16:18
Aterpetxearen jantokia beheko solairuan dago. AFA

Maisu-maistren etxea osorik zaharberritu dute, eta 55 plaza ditu orain aterpetxeak.

Arabako Foru Aldundiak 36.000 eurorekin finantzatu du Santikurutze Kanpezuko aterpetxeko altzariak eta ekipamendua erostea. Aterpetxeak 55 plaza ditu eta udaberri honetan irekiko da jendearentzat. Eraikinak hiru solairu ditu, honela banatuta: beheko solairuan, eremu komunak daude (harrera, sukaldea, jangela eta egongela); lehenengo solairuan, bi eta lau plaza arteko logelak daude; eta bigarren solairuan bi logela handi daude, bakoitza 14 plazakoa. Aterpetxe horrekin Kanpezuko egungo ostatu eskaintza –8 plazako landa ostatu bat eta bi landetxe– osatuko da.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, Santikurutze Kanpezuko alkate Ibernalo Basterrarekin batera, aterpetxearen instalazioak bisitatu ditu gaur, bertatik bertara ikustearren garai bateko maisu-maistren etxea osorik birgaitzeko obren azken emaitza, eta turismo ostatuaren erabilera izango duen eraikin horren kanpoaldean egin diren egokitzapen lanak.

"Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Turismoarekin eta udalekin batera lan egin dugu Inaziotar Bidearen inguruko aterpetxe sare bat sortzeko eta, horrela, kultura, natura eta erlijio ibilbide hori baliabide turistiko gisa indartzeko. Lan hau fruituak ematen ari da Zalduondoko eta Asparreneko ostatuak eta orain Kanpezukoa martxan jartzearekin”, azaldu du.

Diputazioaren diru laguntza

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak 36.000 euro inbertitu ditu aterpetxeko ekipamendua eta altzariak erosteko, inbertsio turistikoetarako laguntza lerroen bitartez. 2021ean gauzatutako azken dirulaguntzaren helburua izan da ostatua kudeatzeko ekipo informatikoak erostea eta kanpoko lorategia egokitzea.

Esku hartze honen barruan aurreikusten da panel bat jartzea, udalerriaren historia, udalerria osatzen duten herrietako (Antoñana, Orbiso, Oteo, Bujanda eta Santikurutze Kanpezu) leku interesgarriak eta ekitaldiei eta zerbitzuei buruzko informazio eguneratuarekin lotzen diren QR kodeak izango dituena. Helburua da turismo informazioa eta informazio identifikagarria ematea udal aterpetxeko sarrerari buruz, bai eta Inaziotar Bideak Kanpezun duen ibilbideari buruz ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide