Ebroko lurren eta Kantauri itsasoaren arteko igarobidea izateagatik eta Nafarroako erresumarekin mugan egoteagatik garrantzi handikoa izan da mende luzez Bitigarrako Mendietan kokatutako Santa Teodosiako ermitaren ingurua. Izan ere, Bitigarrak Haraneko bailararen eta Entzia eta Iturrietako Partzuergoaren arteko hesi fisikoak dira, eta hortik Arabako Lautadara eta Nafarroarako, Frantziarako eta Kantauriko portuetarako bideak abiatzen dira.
Halaber, mende luzez Arabako Harana eta Nafarroako Ameskoa ibarren arteko liskarren lekuko izan dira eremu horiek. Itxura guztien arabera, Gaztelako errege-erreginentzat, Nafarroa zelatatzeko estrategia militarraren pieza garrantzitsua izan zen Haraneko ibarra, Kontrastako herria buru zuela. Nafarroa erreinuaren aldetik, Kontrasta aurrez aurre eta lau kilometrora Larraona herria zegoen, bere eliza-gotorleku sendoarekin.
Ez dago gotorleku hauen inguruko guduen berririk, baina gauza bat argi dago: Ameskoa eta Haraneko herritarren bizimodua, XV. mendean, gorabeheratsua izan zen, zaila eta gogorra. Artxiboetako paper zaharrek okerkeriei buruzko gertakizun ugari jasotzen dituzte, baita abereen lapurretei buruzkoak ere.
Gaur, zaldunen oihuak eta zaldien apoen zaratak alde batera utzirik, Santa Teodosiaren inguruko basoak leku baketsua eta idilikoa dira, eta hainbat txango egiteko abiapuntu aproposa. Baseliza bera eraikin zabala da, eta atxikiak ditu ermitau baten gela eta ostatu bat. Izan ere, erromesei ostatu ematen zien garaiko ermitauak, eta negu gorrian mandazainei ere inguru malkartsu horietatik ibiltzen laguntzen zien.
Ermitaren inguruko antzinako bideak markatzen dituen XVI. mendeko harrizko gurutzadura eder bat ere badago, baita trikuharri bat ere, Santa Teodosia Zarra baseliza zaharra zegoen lekuan.
Halaber, ermitaren alboan zuhaitz berezi bezala babesturiko lizar bat aurkituko du bisitariak. Eusko Jaurlaritzak 1995eko maiatzaren 16an izendatu zuen Arabako zuhaitz berezi bere tamainagatik: 23,8 metroko altuera du, 18 metroko adaburua eta bere zirkunferentzia 5,5 metrokoa da; lau lagun behar dira inguratzeko. Baselizaren goialdeko basotxoan dago, tamaina eta adin ezberdinetako hamahiru lizarrez (Fraxinus Excelsior) inguratuta, eta 1.060 metroko altueran dagoen baselizari babesa emateko landatua izan zen. 2017. urtean premiazko interbentzioa egin behar izan zuten zuhaitza egonkortzeko.
Herri-lurren garrantzia
Bestalde, ermitaren alboko zelaian dagoen harri batean jasota dago Entzian, Bitigarran eta Izkin partzuergoek eta herri-lurrek izan duten garrantzia. Harri landu horretan idatzita dagoenez, Ibisate, Roitegi, desagertutako Igoroin eta Done Bikendi Harana herrietako bizilagunak bertan biltzen ziren, larreen eta egur-sorteen banaketa eta erabilera erabakitzeko.
Izan ere, Entzia mendilerroan, partzuergo ezberdinak egon dira urteetan. Alde batetik, Gipuzkoako eta Atxuri komunitateak izan dira, Santa Teodosia komunitatea osatzen dutenak. Beste alde batetik, Iturrietako Lursailak 1.100 hektarearekin eta Entziako Lurzati Orokorra 96 3.430 hektarearekin. Arabako Mendialdeaz gain, ondoko Lautadako herriez osatuta zeuden partzuergoak.