Zentral eoliko bat eraikitzeko proiektuaren aurka mobilizatu dira Azazetan

Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 08:30

Igande honetan, ehun lagun bildu ditu Azazetako proiektu eolikoaren aurka Arabako Mendiak Aske plataformak deitutako elkarretaratzeak, Azazetan? Ni de koña! lelopean.

Gabonen ostean, Arabako mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkako mobilizazioek jarraitzen dute. Azkena Azazetan deitu du Arabako Mendiak Aske plataformak, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak aurreikusitako proiektuetako bat bertan egongo baita, Gasteizko Mendietan.

"Proiektu horiek urratu egiten dute orain arte lehenetsi dugun naturguneen biziraupenaren aldeko apustua, Aldundiak garatutako printzipio eta politikak hankaz gora jarriz", salatu dute elkarretaratzean. Horrekin batera, "erabilera publikoko eremu sekularren pribatizazioaz" eta "lurraldeko mendien industrializazioaz" ohartarazi dute, "kudeaketa komunala haien biziraupenaren gakoetako bat izan baita orain arte".

Azazetakoa eta antzeko proiektuak gauzatzeak "biodibertsitatearen mehatxua eta galera" ekarriko lukeela deritzote, errotek eta horiei lotutako azpiegiturek "balio handiko baso azaleraren eta horri lotutako ekosistemen galera onartezina" dakartelako, baita hegaztien eta saguzarren heriotza edota inguruko herrietan bizi diren pertsonei eragingo liekeen inpaktu akustikoa ere. Akuiferoen kutsadura da proiektuari arbuioa adierazteko aipatu duten beste arrazoietako bat.

Bestalde, zentral eolikoari lotutako azpiegiturek —pistak, ebakuazio-linea elektrikoak, azpiestazioak, eta abar— eragindako "inpaktu larria" ere kritikatu dute.

"Tapia Legea"

Azkenik, Arabako Mendiak Aske plataformak azpimarratu du proiektuak eragindako administrazio batzarrek ezetz esan diotela Azazetako zentral eolikoari. Hortaz, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiari eta Arantxa Tapia sailburuari eskatu diete "mendilerroak, korridore ekologiko diren aldetik, esklusio eremutzat har daitezela horrelako azpiegituretarako".

"Energia enpresek adierazitako interes ekonomikoetara eta herri lurren jabetzara makurtzen ari zarete, lurralde honetan bizi garen pertsonek erabakitakoa zapalduz. Suntsitzen dena betiko galtzen da memoria kolektibotik. Tapia Legeari ez", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide