Lasterbidean euskal presoekiko elkartasun lasterketaren antolatzaileek bi aldiz atzeratu behar izan dute 2020an Kanpezun ospatzekoa zen zortzigarren edizioa, Covid-19aren pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Hasiera batean 2021eko udaberrira atzeratu zuten, baina egoerak ez zuen lagundu, eta hori ere bertan behera utzi zuten, 2022an ospatzeko itxaropenarekin.
Eta bai, azkenean hala izango da. Oraindik pandemia amaitu ez bada ere, eta azken asteetan ekitaldi ugari bertan behera gelditu diren arren —tartean, Hatortxu Rock elkartasun jaialdia—, Lasterbidean lasterketak behin betiko hitzordua du: 2022ko maiatzaren 28an Kanpezun egingo da, dena ondo bidean.
Kirola eta elkartasuna
Antolatzaileen hitzetan, "korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da" Lasterbidean. Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik.
Lehen edizioa Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an eta, azken edizioa, 2019an Arbizun eta Lakuntzan.
Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izango da Kanpezukoa. Izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa.