Ega ibaiaren higatutako erribera-tarte bat leheneratu dute Angostinan

Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 13:43

URA agentziak higatutako erribera tarte bat leheneratzeko lanak burutu ditu Ega ibaiaren eskuineko ertzean, Angostinatik (Bernedo) igarotzean. Esku-hartzeak 14.000 euro inguruko inbertsioa izan du.

Bernedo udalerriko Angostina herrian, Ega ibaiaren eskuineko ertzean higatutako erribera zati bat zegoen. Landaredi autoktonorik gabeko tarte batean, ur-emarien berezko higadura ibaiertza ezegonkortzen ari zen, lur-jausi nabarmena eragiteraino eta lur emankor asko arrastatuz.

Uraren Euskal Agentziak (URA), Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, 13.869,92 euro (gehi BEZa) inbertitu ditu desegonkortzeari eta higadurari aurre egiteko, eta higatutako tartea leheneratzeko. Proiektuak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du.

Horretarako, zurezko pilotez osatutako eta arku formako pantaila bat eraiki dute ibaiaren ohantzean bertan. Pantailak jatorrizko erriberak zuen trazadura jarraitu du, eta pantaila hori zein ertzeko erriberaren artean sortutako zuloa lurrez bete dute, ondoren landareztatzeko; neguan osatuko da fase hori, geldialdi begetatiboaren garaian. Azkenik, landatutako ibaiertzeko espezie autoktonoen sustraiak sustraitzeari esker, eremua behar bezala kohesionatzea espero da.

Esku-hartzeari esker, ibaiertzeko landarediak ibaiari dakarzkion onura ugariak berreskuratuko dira: besteak beste, ibilgua itzaltzea, espezieentzako korridore izatea, habitatak lotzea eta ur-goraldien emarien indarra leuntzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago