Gure bazterrak

San Tirsoko oin harresitua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko ira. 5a, 10:00

Toloñoko mendilerroaren gailurretik iparraldera dagoen lautadatxo garai batean kokaturik dago Bernedo, Trebiñu eta Nafarroa mugakide dituela; Erdi Aroan gotorleku preziatua izan zen.

XII. eta XIII. mendeetan sortutako Arabako gainerako hiribilduen antzera, Nafarroa eta Gaztelako erresumen arteko mugan defentsarako egiturak sortzeko elkarren beharraren ondorio da Bernedo. Baina beste hiribildu harresituek ez bezala, Guardia, Labraza, Antoñana edo Urizaharra kasu, Erdi Aroko harresiaren egitura gehiena galdu du Mendialdeko herri txikiak. Hala ere, hirigune historikoaren harresia eta gaztelua izandakoaren aztarna interesgarriak aurki daitezke txango txiki eta lasaia eginez gero. Gainera, bere inguruetan –Izkiko Parke Naturalaren zati handi bat– paisaia ugari daude eta natura eta kultura altxor asko.

Lau atari historiko

Nafarroako Antso Jakituna erregeak sortu zuen Bernedo, 1182an, eta gaur egun oraindik ere gordetzen ditu antzinako harresirako sarrerak. Dirudienez, Forua eman ondoren, lau atari eraiki ziren hirira sartzeko, eta lau puntu kardinaletan banatu zituzten. Ekialdean, Angostinako Atea dago, Bernedoko Kale Nagusian. Gaur egun, bere egituraren aztarnaren bat geratzen da. Hegoaldean, berriz, Susoko Atea dugu, erabat desagertu den bakarra. Hiribilduaren iparraldeko muturrean, hirugarren atari bat dago, Beheko Atea. Atari horren egituraren ostikoak baino ez dira gorde, baina arku zahar baten argazkiak eta lekukotzak jasota daude. Laugarren atea, Sarrearen Ataria, hobekien gorde dena, XX. mendean bota nahi izan zuen Bernedoko Udalak; baina, azkenean, asmoa gelditu eta gero eta egindako zaharberritze-lanei esker, Erdi Aroan izan zezakeen antzeko itxurarekin gorde dute.

Bernedoko Erdi Aroko harresiaren parte izan zen ere bertako gaztelua. Hiribilduaren hegoaldean dago, muino batean. Dorrearen oinarriak eta iparraldeko hormaren zati batek besterik ez dute iraun, baina jatorrian, almenatua zegoen, eta arma-patio txikia izan zuen. Alfontso I.a Batailatzailea Nafarroako eta Aragoiko erregearen garaitik (1104- 1134) daude gazteluaren erreferentziak, eta 1577an jada abandonatu zuten, erresumen arteko borrokak amaitu zirenean hain zuzen. 

Sarrearen ataria gorde da Erdi Eroan izan zezakeen itxurarekin

Ordutik, etxebizitzak eraikitzeko eta behar berriak asetzeko aldaketa asko egin dituzte, Bernedoko harresia desitxuratu eta ezkutatu dutenak, baina antzinako Erdi Aroko xarma gorde du herriak.

Dozenaka bidezidor

Bernedotik kilometro batera dagoen Okongo ermitak, berriz, inguruko paisaiarik ederrenetako batez gozatzeko aukera ematen du; eta bertako zelai zabala aprobetxatzeko umeentzako jolaslekuak eta mahaiak daude. Mendia gustuko dutenentzat, San Tirsora ihesaldi bat egin daiteke. Gailur horretara Okonetik abiatzen da, eta Arabako Errioxaren ikuspegi ikaragarriak eskaintzen ditu, alde batetik, eta Arabako Mendialdekoak, bestetik.

Halaber, Bernedok aukera ezin hobea eskaintzen du haritzen eta pagoen basoetako ibilaldientzat. Udalerria zeharkatzen duten bi ibilbide handi daude: GR-1 bidezidor historikoa, eta GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea. Era berean, Karobien eta Ikaztegiaren Ibilbidea txango atsegina da eta Bernedotik oso gertu dago Inaziotar Bidea ere. Bestalde, nabarmentzekoa da BTT zentro bat ere badagoela Urturiko Golf Zelaiaren ondoan, eta bertatik ibilbide ezberdinak pasatzen direla, besteak beste, txirrindularientzat oso aproposak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago