AtauriArt jaialdiaren hamargarren edizioa irailaren 4an hasiko da

Erredakzioa 2021ko abu. 23a, 12:30

Zurrunka Teatro eta Kolectivo Monstrenko konpainiek 'Control Alt Supr' aurkeztuko dute. ZURRUNKA

Atauri, Sabando, Korres, Apinaiz eta Maeztu artean banatuko dira mikroantzerki, magia eta zirku ikuskizunak.

Pandemiaren ondorioz, iaz, egin behar izan zituzten murrizketak eta programaren egokitzapenak atzean utzi eta gero, indarberrituta itzuliko da Arabako Mendialdeko AtauriArt jaialdia irailean. Hamargarren edizioa irailaren 4an irekiko dute, Atauri, Sabando eta Korres artean. Egun oso batez hiru herri ezberdinetara eramango dute  Zurrunka Teatro eta Kolectivo Monstrenko konpainiek Control Alt Supr mikroantzerkia. Emanaldiak leku bakoitzeko jendearengan bakarrik pentsatuta antolatu dira edukiera oso mugatu baita.

Hurrengo asteburuan izango dira jaialdiaren ekitaldi gehinak. Hala, irailaren 10ean, ostiralarekin, izango du hurrengo saioa. Leongo Cirk About It taldeak Un día de cine lana aurkeztuko du, Miguel Molineroren eta David Tornaren proposamenak sari ugari jaso ditu, besteak beste, Circada Jaialdian, Ciudad Rodrigoko Gaztela eta Leongo Antzerki Azokan, Malabaría Nazioarteko Jaialdian eta FETENen.

Asteburu bizia

Larunbata, irailaren 11a, Odei Arregi ipuin kontalariarekin hasiko da. Hori goizean izango da, eta gaztetxoei ere tailer sorpresa batean parte hartzeko proposatuko zaie. Arratsaldean, berriz, bi izango dira jendaurrean aurkeztuko diren emanaldiak: Alde batetik, Mala Brigo taldeak De algodón y caucho lana aurkeztuko du. AtauriArtek azaldu duenez, barre egiteko eta hausnartzeko oso pieza entretenigarria da, poesiaz betea. Bestalde, Maintomano konpainiak Kaldi lana aurkeztuko du. Larunbat arratsaldeko bi jarduera horiek Arraia-Maeztuko igerilekuetan egingo dira, edukiera handiagoa hartu ahal izateko.

Irailaren 12an, igandean, Apinaizera joko du AtauriArt jaialdiak. Zirika Zirkus konpainiako kideak bertan izango dira, eta Hemendikara ikuskizuna taularatuko dute, zirkuko talde nomada baten istorioa kontatzen duen lana hain zuzen.

Hartara, jaialdia ez da irailean amaituko, udazkenean kultur ekintzak egiteko tradizioa berreskuratuko baitute antolatzaileek. Aurten, urrian, Santanderreko Ruth Garreta konpainia izango da bertan. Getxoko Antzerki Eskolan diplomatua, Arte Dramatikoko ikasketak amaitu ondoren, Marcelino Botin Fundazioaren aparteko beka bat jaso zuen Garretak, Philippe Gaulierren nazioarteko antzerki eskolara joateko. Handik gutxira, bere izena daraman taldea sortu zuen. Oumuamua 2.0, low cost bidaia espaziora, eramango du AtauriArt-era, Javier Arizak zuzenduta. Miren Sanzen dramaturgia duen ekoizpena da, eta Encinart jaialdian ere saritu dute.

Proposamen kulturalak herri txikietara eramateko filosofiarekin jaio zen AtauriArt, Arratiandi Kultur Elkarteak eta Bapatean Zirko elkarteak antolatuta eta sustatuta. Atauri, Sabando, Apinaiz eta Korresko administrazio-batzarren eta Azazetako Errota Berri elkartearen, Maeztuko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza ere izan dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago