Izkitik ere pertseidei erreparatuko diete

Erredakzioa 2021ko abu. 6a, 13:39

Pertseidak abuztu gaueko ohiko bisitariak dira. MIKEL MARTINEZ / LA OTRA MITAD

Ortziaren behaketa antolatu dute, abuztuaren 12rako. Teleskopio bidez, Jupiter eta Saturnoren irudiak ere proiektatuko dituzte.

Eguzkiaren inguruan biraka ari diren kometak tematiak dira, eta, Newtonen legeei jarraiki, aurten ere urteroko hitzorduan zintzo-zintzo agertu ohi dira. Abuztuan bisitari dugun Swift-Tuttle kometak ere hala egingo du, eta hark espazioan egindako ibilbidean utzitako partikulak atmosferan erreko dira, erortzen diren izarren ilusioa emanez.

La Otra Mitad elkarteak arrasto horiek ikusteko hitzordua antolatu du, Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren laguntzaz. Hilaren 12an izango da, 22:00etan, Izkiko behatokian (Korres). Ehiztarien aparkaleku gisa ezagutzen den tokian geratuak dira. 

Pertseidak ikusteaz gain, eguraldia lagun, Jupiter eta Saturno planeten zuzeneko proiekzioa egingo dute, eta konstelazioen birpasa bat egiteko baliatuko dute hitzordua. 

Ez da izango fenomenoa ikusteko egun bakarra. Aurretik eta atzetik ere ikusiko dira San Lorenzoren malko deitutakoak. Ohi bezala, ortziaren zati handi bat ondo ikusteko parada ematen duten toki irekiak gomendatzen dira, argi kutsaduratik aldenduta. Lagunartean edo familiarekin egotea berez ez da nahitaezkoa, baina beti eskertzekoa da eskatutako desioak partekatzea.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago