Isabel Mellen

Urez zipriztindutako harriak

Juanma Gallego 2021ko abu. 14a, 14:00

Oteoko errotaren inguruan ur-jauzi ederra dago. P. ODRIOZOLA / IREKIA

Kontrastan hasi eta Antoñanan bukatzen den ibilbidea gomendatu du Isabel Mellen arte historialariak. Erromanikoak ukitutako lurraldeak dira, baina naturak eta gastronomiak ere lekua dute proposamenean.

Ohiko ibilbideetatik aldentzen den proposamena ekarri du Erdi Aroko Araba elkarteko arte historialari Isabel Mellenek (Gasteiz, 1986). Mendialdeko Kuadrillarekin batera, bere elkartea hainbat ibilbide gidatu egiten ari da uztailean zehar, Ondareko ibilbideak programaren baitan. "Oso pozik gaude horiekin, arrakasta handia izaten ari direlako. Itxarote zerrendatan dago jende asko". Halere, arte historialariak "zerbait pertsonalagoa" proposatu nahi izan die ALEAko irakurleei.

Kontrastan hasita eta Antoñanan bukatuta, lau ordu inguruko ibilbidea prestatu du, oinez egitekoa. Erdi Aroan espezializatuko aditua izanda, nola ez, ibilbidea zenbait elizez zipriztinduta dago, baina naturari eta gastronomiari txoko bat eskaini nahi izan die.

Txangoa lasai egiteko lau ordu inguru behar diren arren, kontuan izan behar da norabide bakarreko ibilbidea dela, eta, hortaz, komeni dela norbait Antoñanan egotea zain, edo garraio publikoarekin moldatzea. Aukera dago, noski, helmugara iritsi ostean kontrako norabidea egiteko, baina, horretarako, egun osoa hartzea komeni da, ibilbidean diren geldiuneak patxadaz hartu ahal izateko.

Kontrastan hasten da ibilbidea, eta, bertan, protagonismo osoa Elizmendiko baselizak hartzen du. "Araban dagoen eliza zaharrenetakoa da, prerromaniko estilokoa", azaldu du Mellenek. Baina, ezaugarri horiez gain, seguruenera bitxiena da inguruan ziren erromatar garaiko zenbait hilarri ere baliatu zituztela baseliza eraikitzeko. Beraz, hilarri horietako batzuk eraikinaren hormetan ere ikus daitezke, arretaz begiratuz gero. "Oso leku enigmatikoa da, arreta erakartzeko modukoa". Bestalde, herrian bertan ere, Erdi Aroko harresiaren zati batzuk oraindik ere ikus daitezkeela erantsi du arte historialariak.

"Elizmendiko baseliza eraikitzeko hilarriak ere baliatu zituzten". Isabel Mellen.

Uribarri Haranera jotzea da hurrengo pausoa. Bertan, Andramariri eskainitako baseliza erromanikoa dago. "Zinez polita da, postal baten modukoa". Ohartarazi du kanpotik baselizak berak ez duela ezer berezirik, baina ingurua oso zainduta dagoela, eta hortik datorkiola, hein handi batean, edertasuna. Gainera, duela gutxi zaharberritu dute eraikina. "Tira, nire ustetan, nahiko gatzgabetua utzi dute, baina, multzoa osotasunean ikusita, postal baten modukoa da". Hortaz, ibilbidearen lehen puntuan harriei gertutik erreparatu diegun arren, oraingoan nahikoa izango da bertan une batez geratu eta argazki sorta ederra ateratzea.

Txango honetako hurrengo jomuga Done Bikendi Harana da. "Kontrasta bezala, hau ere hiribildua izan zen, eta jauregi zein jauretxe asko gordetzen ditu. Horietako batzuk XV. eta  XVI. mendeetakoak dira; oso ederrak". Hortaz, Mellenen gomendioa da herri horretan ere paseo bat ematea.

Erreginari, esker ona

Bueltatxo horretan ez da ahaztu behar herriko eliza, XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran eraikia. Barruan gordeta dagoen istorioa asko gustatzen zaiola dio Mellenek. "Erdi Aroaren amaiera aldera, Herriko bizilagunek bazuten zinez gogaikarria zen jaun feudal bat. Nekatuta, herrikoek babes bila jo zuten, Joana I.a Gaztelakoarengana. Bada, erreginak lagundu zien: jaunari haren erregaliak kendu zizkion eta herritik bota zuen".

Laguntza hori eskertzeko, Done Bikendi Haraneko Kontzejuak, aldarearen tokian, zenotafio bat eraiki zuen erreginarentzat; hau da, gorpurik gabeko hilobi bat. "Modu horretan, hortik aurrera, belaunaldiz belaunaldi herrian egingo zituzten errezo guztiak erreginaren arimaren salbazioaren mesedean izango ziren".

Halakoetan gertatu ohi den moduan, informazio hau motxilan daraman bidaiaria baino ez da gai izango eliza horren barruan dauden hainbat ezaugarri interpretatzeko. "Elizan koro gotiko antzeko bat dago, zinez ederra, eta bertan daude Joanaren eta Errege Katolikoen armarriak. Horrek guztiak herriaren historia ekartzen digu gogora".

Dena ez da izango, alabaina, artea eta historia. "Done Bikendi Haranean bi taberna daude, eta, hortaz, une egokia da indarrak hartu eta horietako batean zerbait hartzeko". Mellenek gomendatu du herrian Idiazabal gazta erostea.

Errota zaharra

Hemendik aurrera, Ignaziotar ibilbidea hartu beharra dago. Istora sakanetik aurrera egin daiteke, Oteo eta Orbiso artean dagoen ibai idor batetik. Une horretara iritsita, baso arteko ibilbidea da nagusi.

Oteon, nabarmentzekoak dira  elizaren barruan dauden margo ederrak, Errenazimendu garaikoak. Sartu ezean, atean bada kartel bat barrukoa azaltzen duena. Araba osoan San Mamesi eskainitako eliza bakarra da hori.

Oteo zeharkatu ostean, Antoñanara joateko lursail bidea hartuko dugu. Une honetara iritsita, bisitatzeko bi aukera proposatu ditu Mellenek. Lehen aukera da Oteoko errotara hurbiltzea. "Errota zutik mantentzen da, baina hormatuta dago, bertan jendea sartu eta hondatu ez dezaten". Inguruan dagoen ur-jauziak putzu antzeko bat sortzen du, eta bertan posible da udan bainua hartzea. Tokia seinaleztatuta ez dagoela ohartarazi du Mellenek. "Beste aukera bat da Aguake ur-jauzietara hurbiltzea", gaineratu du. "Horiek bai seinaleztatuta daude, eta ezagunagoak dira".

Azken geldiunea askoz ezagunagoa da: Antoñana.  Bertan turismo bulegoa dago, eta hor erraz aurkitu ahal izango dira inguruetan gozatzeko moduko proposamenak; tartean, Vasco-navarro trenbideari loturikoak. Ibilbide asko egin daitezke inguruetan. Etxera bueltatzeko unea iritsita, azken gomendioa eman du Mellenek: "Eztia! Ez ahaztu bertako eztia erosteaz, oso ona da eta!". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago