Vasco-Navarroko ibilbide berdea lehengoratzeko obrak hasi dira Antoñanan

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 13:30
Hilabeteko epean lanak bukatzea aurreikusi du Aldundiak. / AFA

Foru Aldundiak martxan jarri ditu Vasco-Navarro trenbide zaharreko ibilbide berdea lehengoratzeko obrak Antoñana parean, ekaineko euri erauntsiek kalte handiak eta 30 metroko luizia eragin baitzituzten.

Arabako ibilbide berde erabilienetakoa da Vasco-Navarro trenbide zaharrekoa. 62 kilometro hartzen ditu eta iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du lurraldea: Gipuzkoarekiko muga den Arlabango mendatetik abiatuta, Gasteizeraino iristen da, eta handik Lizarrarekin lotzen du lurraldea, Arabako Mendialdea zeharkatuz.

Ekaineko euri erauntsiek —hilaren 16an 50 litro baino gehiago neurtu ziren metro koadroko— ohiz kanpoko ur goraldia eragin zuen Ega-Berron ibaian, kalte handiak eta 30 metroko luizia eraginez Antoñana pareko tartean (Kanpezu).

Aldundiaren  Ingurumen eta Hirigintza Sailak haren ordezko igarobidea prestatu behar izan zuen, eta orain ibilbidea lehengoratzeko ia 35.000 euroko aurrekontua erabiliko du: proiektuan, besteak beste, Ega-Berron ibaiaren ertza indartzeko harri lubeta berde bat egitea eta zorua berrezartzea jaso da.

Hilabeteko epean bukatzea aurreikusi dute, eta itxura berritzeaz gain, Vasco-Navarro trenbideko ibilbide berdearen jatorrizko pasabidea seguruago egiteko helburua izango dute lanek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide