Berdintasunaren inguruko irakurketa sustatzeko gida kaleratu du Kanpezuko liburutegiak

Erredakzioa 2021ko uzt. 20a, 12:25

Liburuak Kanpezuko Udal Liburutegian edo Euskadiko liburutegi sarean daude. KANPEZUKO UDALA

Kanpezuko liburuen gida egiteko orduan, Makaria Iriarte Atauri herriko emakume "jakintsua bezain garrantzitsuaren" papera kontuan izan dute.

Kanpezuko Udal Liburutegiak eta Arabako Mendialdeko Kuadrillako Berdintasun zerbitzuak elkarlanean berdintasunaren inguruko irakurketa sustatzeko liburuen gida bat kaleratu dute. Gida horretan, gainera, emakume idazleen liburuak ere jaso dira, beren lana eta beraien ikusgarritasuna sustatzea beharrezkoa ikusi dutelako.

Gida formatu digitalean soilik sortu dute, eta egiturari dagokionez, euskarazko liburuen proposamenak eta gaztelaniazkoak egitura ezberdina dute. Euskarazko kasuan umeen literatura gehitu dute; "izan ere, umeen zein gazteen artean euskarazko irakurzaletasuna zabaldu nahi dugu". Liburuak Kanpezuko Udal Liburutegian edo Euskadiko liburutegi sarean eskuragarri egongo dira.

Makaria Iriarteri omenaldia

Kanpezuko liburuen gida egiteko orduan, Makaria Iriarte Atauri herriko emakume "jakintsua bezain garrantzitsuaren" papera kontuan izan dute. "1901. urtean jaio zen. Beste hainbat gauzen artean irakurzalea zen, eta herriko eta inguruko hainbat kontakizun, istorio eta pasadizo umeei ahoz aho transmititzea gustuko zuen".

Iriarte Atauri berari, eta beste hainbat emakume idazleri eta ilustratzaileri historian zehar egindako lana eskertu nahi izan diete gidarekin. "Batzuek haien lana anonimo bezala sinatu behar izan zuten, besteak, ordea, ezizena erabiltzera behartuak sentitu ziren, askok idazteagatik errepresalia bortitzak jasan zituzten... haiei guztiei gure omenaldi xume hau".

Horrelako gida bat egitea erronka handia izan dela aitortu dute Kanpezuko Udal Liburutegiko eta Arabako Mendialdeko Kuadrillako Berdintasun zerbitzuko kideek: "Asko ikasi dugu prozesuan. Horregatik, nahiko genuke baliagarria izatea eta liburuak irakurriz disfrutatzea".

Halaber, gidaren egileek Bego Etayo Ereña La hora violeta Arabako Mendialdeko irakurketa klub feministako dinamizatzaileari eta Ainhoa Aldazabal Gallastegi Arabako Mendialdeko euskarazko irakurketa klub feministako dinamizatzaileari, liburu-gida hau osatzeko bidean emandako laguntzagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago