Norbait Faiduko Haitzeko Andra Mariaren baselizan bortxaz sartzen saiatu da, seguruenera, lapurtzeko asmoz. Erasoa gutxienez duela astebete gertatu zen, baina orain ezagutarazi da. Arkeologiarako Arabar Institutuak sare sozialen bitartez zabaldutako irudietan ikusten dira baselizaren atean eragindako kalteak.
Faiduko Administrazio Batzarrak salaketa jarri zuen uztailaren 13an. Segurtasun Sailak ALEAri baieztatu dionez, "baseliza bati egindako kalteen" inguruko salaketa jaso dute, baina ez dute azaldu baselizaren barruan lapurreta egin den ala soilik kalteak egin ote diren. Faiduko Administrazio Batzarreko presidente Enrique Gonzalezek argitu du lapurrek ez dutela lortu barrura sartzea. "Barra batzuekin palanka egiten saiatu dira, baina, zorionez, ez dira sartu. Orain, erremintari baten zain gaude, kalteak konpontzeko".
Haitzeko Andra Mariaren baseliza Euskal Herriko eliza zaharrenetakoa da, eta Euskadiko Monumentu Nazional gisa izendatuta dago. Haitzulo artifizial baten parean eraikita dago, eremitorioen inguruan egindako bizitzatik Elizak araututako jardunetara izandako trantsizioaren adierazle. Barruan, kalbarioa erakusten duten horma-irudiak daude, eta baita Haitzeko Andra Mariaren eskultura bat ere, besteak beste.