Bonelli arrano bat jaio da Mendialdean, lehen aldiz azken 40 urteotan

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 13:10
2015. urteaz geroztik, Aldundiak 30 Bonelli arrano sartu ditu berriz lurraldean. / AFA

Apirilaz geroztik, duela hiru urte Aldundiak berriz sartutako Bonelli arrano bikotea txita bat hazten ari da Izkiko parke naturalaren inguruan. Zelie izena jarri diote.

Bonelli arranoa galzorian dago eta lehentasunezko interesekoa da Europa mailan. Espeziea berreskuratzeko Arabako Foru Aldundiak bultzatu eta Europar Batasunak finantzatutako Aquila a-Life programak lehen fruitu handia eman du, hegazti harrapari horren lehenengo txita jaio baita Araban. Mendialdean jaio da azken 40 urteotako lehenengo txita; azken 18 urteetakoa lehena EAEn.

Zelie izenarekin bataiatu dute apirilean jaiotako txita emea, eta haren istorioa duela hiru urte hasi zen, Diputazioko Natura Ondarearen Zerbitzuak Bonelli arranoaren bost txita sartu zituenean Arabako Mendialdean. Orduz geroztik, denak egon dira egunero monitorizatuta, jarri zitzaizkien eguzki GPS igorleen bitartez.

Apirilean jaiotako txitaren aita, Leo, harrapariak ugaltzeko Frantziako zentro batetik etorri zen, eta Zelieren ama, Soraia, Malagako probintziako habi batetik hartu zuen GREFAk, Andaluziako Juntarekin lankidetzan. Hain zuzen ere, Andaluziako Juntaz gain, Araba, Nafarroa, Balearrak, Frantzia eta Italia ere lankidetzan ari dira Aquila a-Life proiektuan.

Leo eta Soraia Kanpezuko haranean askatu eta gero, nor bere aldetik joan ziren eta lehen negua Portugalen eman zuten, baina elkarrengandik ehunka kilometrora. Soraia Alentejon geratu zen, eta Leo Tajoren estuarioan. Egunez egun, Aldundiko teknikariek haien bilakaera jarraitzen zuten eguzki GPS igorleen seinaleen bitartez.

2019ko udaberrian, Soraiak eta Leok, artean oraindik heldugabeak zirela, zenbait bidaia egin zituzten jatorrizko lurraldera, baina ez ziren Araban kokatu; Soraia Dueroren haranean geratu zen, eta Leo Nafarroako Erriberan.

2020ko udaberrian, Bonelli arrano bikotea Arabara itzuli zen, eta Kanpezun topo egin zuen, bi urte lehenago askatu zituzten lekuan. Handik egun gutxira ikusi zuten bikotean bildu zirela: elkarrekin egiten zuten hegan, lurraldea defendatzen zuten beste harrapari batzuengandik, elikagaiak partekatzen zituzten eta hegaldian harrapariak elkarri uzten zizkioten.

Aldundiko teknikari taldeak iaz ikusi zuen Soraia eta Leo habia prestatzen ari zirela eremu hartan, baina ez zen arrautzarik errun. Elkarrekin jarraitu zuten, beste habi bat egin zuten Izkiko parke naturalaren inguruan, eta, azkenean, otsailean, Soraiak errun zuen.

Apirila hasieran ikusi ahal izan zuten ondorengoak izan zituztela, baina hil amaierara arte itxaron behar izan zuten txita bakarra zegoela egiaztatzeko. 46 egun igarota, txita nahiko garatu zenean, habiara joan ahal izan ziren. Habiara iristeko eskaladan eta irrati transmisoreetan adituen laguntza izan zuten; bertan egiaztatu zuten emea zela, eta Zelie izena jarri zioten.

2015. urteaz geroztik, Foru Aldundiak 30 Bonelli arrano sartu ditu berriz lurraldean; zehazki, Gaubean, Kanpezun eta Guardian. Bonelli arranoa harrapari lurraldekoia da, eta jartzen zaien GPS gailuak ahalbidetzen du egiten dituzten mugimenduak eta haien kontserbaziorako mehatxu nagusiak zein diren ezagutzea.

Kontserbazio bereziko eremua

Arabako Mendiak Aske plataformak Zelieren jaiotza ospatu du, eta ohartarazi du Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) jaio dela, Izkiko Parke naturaletik gertu: "Zeliek gora egingo du hegan, betiere bere habitat naturalak errespetatzen badira, eta ez gara soilik Entziako KBE-ren barruko Iturrietako Mendiez ari, baizik eta baita Azazeta barne hartzen duen larreratze eremuaz ere; bertan bi zentral eoliko eraiki nahi dituzte".

Hori dela eta, proiektu eolikoen inguruan abian diren izapideak "berehala eta erabat" geldiaraztea eskatu du Arabako Mendiak Aske plataformak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide