Ekaitzek kalte handiak eragin dituzte Mendialdeko laboreetan

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 14:10
Ramiro Gonzalezek Arraia-Maeztu bisitatu du. / AFA

Araban ekaitzek ez dute atsedenik eman aste honetan zehar. Asteartetik, euriak, haizeak eta kazkabarrak gogor astindu dituzte lurraldeko hainbat eskualde, eta kalte handiak eragin dituzte Arabako Errioxan eta Mendialdean.

Asteazkenean, 30 eta 110 litro ur bildu zituzten metro koadroko. Ondorioz, zereala, patata, artoa eta bazka lantzeko hainbat lursail kaltetu dituzte euri-jasek eta txingorrak. Bertako nekazariek azaldu dutenez, lurrak drainatu arte itxaron beharko dute berreskuratze lanak egiteko, uztetan ahalik eta eragin txikiena izateko. Era berean, ekaitzak eragina izan du nekazariei eta abeltzainei zerbitzua ematen dieten bide-azpiegituretan: nekazaritza-bideak, baso-pistak eta abar.

Kalte handienak Lagran, Bernedo, Harana eta Arraia-Maeztu udalerrietan izan dira, eta horien balorazioa datozen egunetan egingo da. Arabako Errioxako hainbat udalerritan ere ekaitzak izan dira azken egunetan, kalteak hilabete hasieran kazkabarrak eragindakoak baino arinagoak izan diren arren.

Suhiltzaileak

Hala ere, zerbitzu publikoen lanari esker, lurraldeko biztanle gehienek ez dute eragozpen handirik izan eguneroko zereginekin jarraitzeko. Asteazken gauean, suhiltzaileek garbiketa lanak egin behar izan zituzten Asparrenean sortutako ur-putzu batean. Ostegunean, Oionen sortutako beste putzu batean esku hartu zuten, inguruko enpresa bati eragin zion ibai txiki batek gainezka egin zuelako. Gainera, atzo lohiak garbitu zituzten Sabandoko hainbat kaletan. Lokatza herrestan eramateak eta hustutegiak buxatzeak eragindako gorabeherak izan ohi dira. Gaur goizean, gainera, Assako errepidea garbitu dute, eta hainbat orduz itxita egon da.

Aldundiko ordezkarien bisita

"Arabako Mendialdea egun hauetan bizitzen ari den egoera oso kezkagarria da, batez ere ekaitzek jarraitzen dutelako. Eragindako kalte handiez gain, kaltetutako laboreen susperraldia eta garapena oztopatuko dute", azaldu du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, Arraia-Maeztuko nekazaritza lurretara egin duen bisitan. Berarekin izan dira Eduardo Aginako Nekazaritza Saileko foru diputatua eta Arraia-Maeztuko alkate eta Mendialdeko Kuadrillako presidente Anartz Gorrotxategi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide