Mendialdeko familiek jantoki eredua aukeratu ahal izatea eskatu diote berriro Jaurlaritzari

Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 10:27
Larunbatean 'Familientzako elikadura eskola' izeneko jardunaldia antolatu zuten Kanpezun.

Urteak daramatzate jangela "osasuntsuagoak eta bidezkoagoak" eskatzen.

Mendialdeko familiek beren seme-alabentzat zer eskola jantoki eredu nahi duten erabaki nahi dutela ohartarazi diote berriz ere Eusko Jaurlaritzari: "Mendialdeko hezkuntza-komunitateei entzuteko eskatzen diogu, ikastetxe bakoitzaren errealitatera ondoen egokitzen den jantoki eredua aukeratzen uzteko, eredu berrirako trantsizioa behar bezala egiteko baliabide nahikoak eskainiz eta ikastetxeetan ematen diren errealitate desberdinetara egokitu daitezkeen bideak irekiz", azaldu dute Maeztu Herri Eskolako eta Kanpezuko Mendialdea IPIko familiek.

Larunbatean Familientzako elikadura eskola izeneko jardunaldia antolatu zuten Kanpezun. Dietetikan eta Nutrizioan aditu Oihane Vegak eta Gure Platera Gure Aukerako Eneko Viñuelak gaiari buruzko saioa eskaintzen zuten bitartean, etxeko txikienek tailerrak eta jolas gune irekiak izan zituzten. Horrez gain, familiek agerraldia egin zuten.

"Leku paregabea"

Horretan gogorarazi dute landa-inguruan bizi direla, eta, hortaz, jantokiak elikatzeko produktuak eskura izateko eta ekoizleekin eta merkatariekin harreman zuzena izateko "leku paregabea" dela. Horrekin lotuta, ohartarazi dute Mendialdean lehen sektorea urtez urte desagertzen ari dela, eta proposatzen duten aukerak inertzia hori geldiarazten eta gazteak eskualdean bizitzen lagunduko duela uste dute.

Azpimarratu dute xedea jantoki "osasuntsuagoak eta bidezkoak" lortzea dela, "hezkuntza funtzioa beteko dutenak eta ekonomia zirkularra lehenetsiko dutenak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide