Elortzako errepidea "erabat abandonatuta" dagoela salatu dute bizilagunek

Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 10:00

A-3114 errepidearen egoera txarra salatu dute Elortzako (Arraia-Maeztu) bizilagunek, bereziki herritik Los Pocilones pasabideraino doan tarteko segurtasun elementuei dagokienez.

Arraia-Maeztu udalerriko Elortza herriko hamar bizilaguneko talde batek salatu du Foru Aldundiko Kontserbazio Zerbitzuak herritik igarotzen den A-3114 errepidea "erabat abandonatuta" duela.

Prentsara igorritako argazkietan ikus daitekeenez, eta horiekin batera plazaratu duten idazkian azaldu dutenez, zorua egoera txarrean dago eta zubiaren barandak hautsita daude.

Horietako bat duela urte batzuk ordezkatu zuten bionda bikoitz batekin, baina horrek herriko irteeran ikuspena kentzen duela eta behekoan zulo bat duela kritikatu dute. Gainera, baranda zaharraren hondakinak haur, motorzale edo txirrindularientzat arriskutsuak direla diote. Hori gutxi balitz, aurreko baranda kamioi batek eraitsi zuen 2019ko urtarrilean; atestatua egin zen orduan.

Bestalde, Los Pocilones haizpitarteko pasabideko petrilak guztiz degradatuta eta puntu askotan desagertuta daude (lau segidan). Tarte horrek, gainera, 20 zentimetro inguruko koska dauka, eta horrek bereziki arriskutsua egiten duela uste dute bizilagunek. Izan ere, ibilgailuren batek zapaltzen badu, kontrola galdu eta zuzenean ibaira eror daiteke, pasabidea estua delako.

Salatu dutenez, Aldundiari "behin eta berriz" eskatu diote Elortzako zubitik Los Pocilones pasabideraino doan errepidearen babesak ordezkatzeko, baita ertzetan esku-hartze txikiak egiteko ere, errepideari "segurtasun eta maniobragarritasun handiagoa" emateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide