Kanpezuko Lasterbidean 2022ko udaberrira atzeratu dute berriz ere

Erredakzioa 2021ko api. 27a, 10:50
2016an, Araian ospatu zen Lasterbidean; hurrengoa, Kanpezun izango da. / LASTERBIDEAN

Lasterbidean elkartasun lasterketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. 2020ko maiatzean Kanpezun ospatzekoa zen, baina osasun egoera dela eta, bertan behera utzi dute 2020an eta 2021ean, datorren urteko udaberrian ospatzeko asmoarekin.

Euskal presoekiko elkartasun lasterketaren antolakuntzak zortzigarren edizioa bertan behera uztea erabaki zuen 2020an, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz. Maiatzaren 30ean Kanpezun ospatzekoa zen, baina 2021eko udaberrira atzeratu zuten. Urtebete beranduago egoerak ez du hobera egin, eta aurtengo edizioa ere bertan behera uzteko beharra ikusi dute, 2022an ospatzeko itxaropenarekin.

"Bien bitartean jarrai dezagun bidea egiten, etxerako bidea", adierazi du Lasterbideanek bere sare sozialetan. Gainera, aipamen berezia egin nahi izan diote duela gutxi hildako eta Arbizu-Lakuntzako edizioan bidai lagun izandako Fran Baldari.

Lasterketa Kanpezun

Antolatzaileen hitzetan, "korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da" Lasterbidean. Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik.

Lehen edizio hura Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko herri ezberdinetan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an edota azken edizioa, 2019an, Arbizun eta Lakuntzan.

Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izango da Kanpezukoa, 2022an edo ospatzeko aukera dagoen urtean. Izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide