Tren txikia Maeztura itzuli da, errealitate areagotuko horma-irudi bati esker

Erredakzioa 2021ko ots. 19a, 13:51
Horma-irudia Maeztuko Vasco-Navarroaren antzinako tren geltokian dago. / ARTgia

Errealitate areagotuko horma-irudi bat sortu du Irantzu Lekuek Maeztuko kaleetan, tren txikia berriro ekartzeko. Flashback: El Trenico izeneko app baten bidez, bagoiak ikusi ahal izango dira, antzinako ibilbidetik gaur egungo bide berdea

Arraia-Maeztuko Vasco-Navarroko bide berdeko Elortza - Zekuiano tunelean esku hartu du Irantzu Lekuek azken urte eta erdian zehar, eta Flashback: El Trenico izenburupean inauguratu berri dute.

Proiektua elkarlanean egin dute artista gasteiztarrak eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Eusko Jaurlaritzaren KSI Berritzaile programaren barruan; eta diruz lagundu dute Arabako Foru Aldundiak, Arraia - Maeztuko Udalak eta Vital Fundazioak.

Lan honetan, horma-irudigintza eta errealitate areagotua uztartu ditu Lekuek. Horrela, Flashback: El Trenico mugikorreko app-aren bidez, ikusleek horma-irudia ikusi, entzun eta sentitu egingo dute, irudiaz harago, gure eskualdeko memoria bizian murgiltzeraino.

Tren txikia

Artelanak Tren txikiaren oroitzapenak biziberritu ditu, Vasco-Navarro trenbidea, 1889tik 1967ra Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotu zituen trenbidea. Proiektuak Arabako Maeztu herria izan du kokagune eta indargune partehartzaile nagusia, eta han gauzatu du Lekuek prozesua, bizilagunekin batera margotutako horma-irudiaren bidez eta argazki eta grabazio bilduma batez, zeinetan islatzen diren garai hartako jendea, haren bizipenak eta geltokiko kontakizunak.

Lanak garaiko objektuak (maletak, txilibituak, ticket zaharrak…), soinuak eta kontakizunak biltzen ditu, eta elementu horiek kultura material eta immateriala dakarkigu, Arraia-Maeztuko bizilagunen laguntzari eta parte hartzeari esker berreskuratua. Ildo berean, horma-irudia leiho modukoa dugu eta errealitate areagotuari esker gainditu ahal dugu paretako irudia, Flashback: El Trenico baliaturik.

App-a

Mugikorrerako aplikazioa Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak diseinatu du, eta Google Playn dago deskargagarri. Erabiltzaileak telefono mugikorraren bidez eskuratu ditzake kontakizunak, 3D objektuak, artxiboko irudiak eta Tren txikia bera ikusi, berriro martxan burdinbide zaharrean, egungo bide berde bilakaturik.

Proiektuak ikusmen artifizialeko teknologia, sistema inertzialak eta SLAM (Simultaneous Location And Mapping) teknologiaren azken garapenak erabiltzen ditu. Horiek guztiek sei gradutako askatasun-elkarreragina ematen diete erabiltzaileei, gailu mugikor batez lotura sendoak egiteko ingurune errealeko elementuen eta horma-irudiak eta bere ingurune birtualak eskaintzen dituen elementu birtualen artean.

Lehen horma-irudi areagotua

Artelana Euskal Herriko lehen horma-irudi areagotua da. Arabako Mendialdeko Maeztuko Vasco-Navarroaren antzinako tren geltokian dago, eta udaberriari begira inauguratu dute, bizilagunen, bisitarien eta zikloturisten gozagarri.

Bestalde, Tren txikia artelana Iruñeko Baluarten aurkezteko aukeratu zuten, 948 Arte-merkatuaren baitan, berrikuntza-proiektuen atalean, eta hamar proiektu berritzaileenen artean sailkatu zuten aurkeztutako 600 proiektuetatik.

Ondarea, lekukotzak eta historia

Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztuko alkateak ezinbesteko deritzo Tren txikiak bildu zituen "ondarea, lekukotzak eta historia ezagutzea, ulertzea eta zabaltzea, funtsezko erreminta baita herri eta gizarte jasangarriagoak dimentsio guztietan osatze aldera: dimentsio kulturalean, ekonomikoan eta ingurugirokoan".

Inauguraziora Josean Galera Ingurumen eta Hirigintzako diputatua ere joan da, eta nabarmendu du Vasco-Navarroren garrantzia herrialdearen iraganean eta etorkizunean. "Tren txikiak ekarri zituen aukerek eta mugikortasunak bide eman diote Arabako bide berde garrantzitsuenetako bati, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu garbiari", azpimarratu du.

Izan ere, Vasco-Navarroko bide berdeak 220.000 txirrindulari eta ibiltari erakartzen ditu, Izkiko parke naturalak eta arabar landa-eremuaren ondareak erakarririk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide